LGTBQ+ Harrotasunaren Egunera deitzeko kalejira bat egingo dute Durangon

Markel Onaindia 2019ko eka. 25a, 09:11

Kili-Kili elkarte jaio berriak antolatu du ekimena egunaren bezperarako, ekainaren 27rako. Kalejiraren aurretik pregoi bat irakurriko dute udaletxe aurrean, 19:00etan. Gai honegaz lotutako pregoi bat Durangon irakurriko den lehen aldia izango dela esan dute antolatzaileek.

18:45ean Batukandrak giroa berotuko du Andra Maritik hasita, eta udaletxeraino joango dira, pregoiaren irakurketarako. Hori amaituta, #askemaite lemapean kalejira hasiko da Alde Zaharra zeharkatu eta Intxaurre parean amaitzeko. “Pertsona guztiak ekitaldi xume honetan parte hartzera gonbidatzen ditugu, bere helburua durangarren aniztasun sexuala ikusgai izatea, defendatzea eta bultzatzea baita”, adierazi dute Kili Kili elkartekoek.

Horrez gainera, udaletxea eta herriko hainbat komertzio ostadar koloreekin dekoratuko direla azaldu dute. Horregatik, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete udal ordezkariei eta Dendak Bai elkarteari, baita Batukandrari ere ekarpenagatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!