Estrasburgoko ebazpenagaz desadostasuna agertu du Sarek, eta Gorka Fraile etxeratzea eskatu du

Markel Onaindia 2019ko mai. 29a, 09:58

Badajozeko kartzelan zegoela, Euskal Herrira gerturatzeko eskaria egin zuen Gorka Fraile preso durangarrak Espainiako auzitegietan. Ezezkoa jasota, gero Estrasburgoko giza eskubideen auzitegira jo zuen. Kasu honetan ere ez diote arrazoirik eman. 

Frailek zioen etxetik 700 kilometrora egonda familiagaz egoteko eskubidea uratzen zitzaiola, baina Estrasburgon ez dute iritzi bera. Sare mugimenduak oharra kaleratu du ebazpenaren harira, eta bere desadostasuna agertu du. "Presoak era bikoitzean ez ezik, bere senideak ere zigortzen dituen espetxe politika hau baimendu eta iraunkortzen duela uste dugu", esan dute. Presoen eskubideen aldeko mugimenduaren ustez, ETA deseginda dagoen garaian ez dago dispertsio politika "denboran luzatzeko inolako aitzakiarik".

Horrez gainera, Fraile larriki gaixo dauden 20 presoen zerrendan dagoela gogoratu du Sarek. Horregatik, bera eta gainerako 19ak etxeratzea eskatu du. Durangarra Kantabriako Dueso kartzelan dago gaur egun, Espainiako Gobernuak abenduan hurbildu eta gero. 21 urte daramatza preso.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!