Kobika jatetxeak pintxo txapelketen gailurrean jarraitzen du

Markel Onaindia 2019ko mai. 21a, 18:00

Iñigo Kortabitarte, eskumatik lehena, Bilbon jokatutako finalean.

Maiatzaren 3tik 16ra bitartean Bizkaiko pintxo txapelketa jokatu dute, eta Durangoko Kobika jatetxeak zilarrezko saria lortu du.

Aurreko bi edizioetan lehen saria irabazi ostean, aurtengoan bigarrena jaso eta pintxo txapelketen gailurrean jarraitzen du Kortabitarte anaien Kobika jatetxeak. "Oso pozik gaude, zeren gero eta zailagoa da txapelketak irabaztea. Gero eta jende gazte gehiago dago eta tabernetan pintxo hobeak egiten dituzte. Aurten oso maila ona egon da", esan du Iñigo Kortabitarte sukaldariak. Besteen produktu eta teknika berriengandik ikasteko ere aukera bat izan ohi da. Izan ere, etenbako eraberritzean dagoen sukalde bat da Kobikakoa. 

Choux iberico izeneko pintxoa aurkeztu dute Kobikakoek. Itxurak ziria sartzen duen horietakoa da: pasteltxo bat dirudi bistara, baina sekretu iberikoa, hirugiharra eta sagar gailetagaz osatutako pintxo bat da. Lehen saria Ermuko Mojito Club Kiska tabernako Andoni Perezek jaso du, Taconazo pintxoagatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!