Snowboarda eta feminismoa uztartzen dituen dokumentalagaz hasiko dute Kirolene Film Fest

Joseba Derteano 2019ko api. 25a, 10:39
Ezkerrean Aline Bock, eta eskuman Anne-Flore Marxer, Islandiara egindako bidaiako une batean. (www.alandshapedbywomen.com)

Nazioarteko jaialdietan hainbat sari irabazi dituen dokumentaleko egilea, Anne-Flore Marxer frantziarra, Durangon izango da. Datorren eguaztenean eskainiko dute. Hurrengo bi egunetan ere hainbat ekimen egongo dira San Agustin Kultur Gunean, film laburren lehiaketako sari banaketa, besteak beste.

Nazio Batuen Erakundeak 2017an argitaratutako txosten baten arabera, Islandia munduko erreferentea da genero arloko berdintasun politiketan. Errealitate haren zergatia jakin guran, Anne-Flore Marxer (Frantzia, 1984) eta Aline Bock (Alemania, 1982) snowboarder profesionalak bertara joan ziren hurrengo urtean. Jakin-minak bultzatuta joan ziren hara euren kirolean berdintasunaren alde luzaroan borrokan ibilitako emakume biak. Jakingura horren ondorioa da A land shaped by women dokumentala eta Durangoko San Agustin Kultur Gunean egingo den Kirolene Film Fest jaialdian eskainiko dute, eguaztenean.

Elurretan snowboarda eta uretan surfa praktikatzen zuten bitartean, legalarien, mugimendu feministetako ordezkarien eta beste hainbat jenderen iritziak batu zituzten. Horiek denak batzen ditu dokumentalak. Lehenengoz aurkeztu zutenetik hona 13 sari irabazi ditu Kalifornia (AEB), Austria, Suitza, Londres (Ingalaterra) eta beste hainbat herrialde eta hiritako jaialdietan.

Marxer, dokumentaleko zuzendaria, Durangon egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek.

Euskal ekoizpenak

Kirolenek, Kirol Irakaskuntzaren Ikastetxe Publikoak, bigarrenez antolatuko du Kirolene Film Fest. Hiru egunean zehar izango da, eguaztenetik barikura. Lehen eguneko egitarauaren ardatza berdintasuna da, eta egueneko bigarrenarena euskal ekoizpena izango da. Durangaldeko lan bi eskainiko dituzte. Batak, Durangoko Bideografik ekoiztetxeko Eukeni Arriortuak zuzendutako Pastoreak dokumentalak, artzain biren bizimodua erakusten du. Besteak, Atxondoko Iñaki eta Mikel Urresti anaien Tor lanak, Silvia Trigueros korrikalariaren balentriak kontatzen ditu.

Lehiaketako sari banaketa

Jaialdiko ekitaldi nagusia azken egunean egingo dute, barikuan. Naturan kirola egiten dutenen ekoizpen propioak bultzatzeko helburuz, martxoan abiatu zuten film laburren lehiaketako sariak banatuko dituzte. Guztira, 25 bat lan aurkeztu dituzte, profesionalen eta amateurren artean.

Jaialdirako sarrerak Arte eta Historia Museoan eta San Agustin Kultur Gunean eskuratu daitezke. Eguneko sarrerak (lau edo bost euro) zein hiru egunetarako bonuak (10 euro) daude aukeran. Azken eguneko ekitaldira doan bakoitzarentzat opari bat egongo dela aurreratu dute antolatzaileek. Gainera, hainbat sari zozkatuko dituzte.


KIROLENE FILM FEST-EKO EGITARAUA (SAN AGUSTIN KULTUR GUNEAN)

MAIATZAK 1
18:30. Ateen irekiera.
19:30. Dokumental emanaldia: 'A land shaped by women'


MAIATZAK 2
18:30. Ateen irekiera.
19:30. Dokumental emanaldia: 'Pastoreak' eta 'Tor'.

MAIATZAK 3
18:30. Ateen irekiera. Sarrerak salgai.
19:00. Jaialdiaren hasiera: musika eta argazki erakusketa.
19:30. Sari banaketa. Saritutako lanen emanaldia.
21:30. Kateringa, kafea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!