Emakumeen parte-hartzea sustatuko du Kirolene Film lehiaketaren bigarren aldiak

Joseba Derteano 2019ko mar. 4a, 13:51
Gaur Durangoko udaletxean aurkeztu dute Kirolene fim laburren lehiaketa.

Emakume sortzaileen edo emakumeak protagonista dituzten lanek aipamen berezi izango dute.

Gaur aurkeztu dute Kirolenek, Kirol Irakaskuntzaren Ikastetxe Publikoak, antolatzen duen film laburren lehiaketaren bigarren aldia. Naturan kirola egiten dutenen ekoizpen propioak bultzatzea du helburuetako bat.

Lehiaketako oinarri denak Kiroleneren webgunean irakurri daitezke. Bi sail izango ditu: Lan profesionalak eta amateurrak. Profesionalean film laburrik onena eta teaser onena sarituko dituzte. Amateur arlokoak “hobekuntzak” ditu, Kimetz Iturralde ekimeneko antolatzaileetakoak azaldu duenez. Arlo gehiago sarituko dituzte. Eskia, snowboard-a, eskalada eta ur kirolak ez ezik, beste esparru batzuei begirako saria ere sortu dute: Parapentea, mendiko bizikleta, piragüismoa…

Emakumezkoek egindako edo emakumeak protagonista dituen film laburrik onenak aipamen berezi bat izango duela beste nobedade bat. “Iaz, sarituen argazkia ikustean, emakumeak falta zirela ohartu ginen. Aurten emakumeen presentzia indartu gura dugu”, azaldu du Iturraldek. Horrez gainera, film laburrik inklusiboena eta euskarazko lanik onena ere nabarmenduko dituzte, besteak beste.

Lanak apirilaren 15era arte aurkeztu daitezke.

Kirolene Film Fest, hiru eguneko jaialdia

Kirolene Film Fest sari banaketa ekitaldia maiatzaren 3an egingo dute, San Agustin Kultur Gunean. Baina aurreko bi egunetan ere egongo da zer ikusia. Maiatzaren 1a emakumeen kirola sustatzeko erabiliko dute. Maiatzaren 2an, berriz, ikasleak gonbidatuko dituzte,  “eurak direlako etorkizuna markatuko dutenak”, Iturralderen berbetan.

Ekimena Durango Udalak eta Jaurlaritza babesten dute. "Kirolak errazten dituen baloreak zein garrantzitsuak diren adierazteko oso ekimen aproposa dela uste dugu" adierazi du Aitziber Irigoras Durangoko alkateak, gaur udaletxean eskaini duten prentsaurrekoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!