“Bagenekien Silviaren ibilbideak merezi duen moduko zerbait egin behar genuela”

Anboto 2018ko abe. 10a, 15:06

Iñaki Urresti (Atxondo, 1981) eta Mikel Urresti (Atxondo, 1986) anaiek Silvia Triguerosen inguruan landutako 'Tor' dokumentala estreinatuko dute Bilbao Mendi Film Jaialdian. Bihar izango da, 19:30ean, BBK aretoan. Hurrengo egunean bigarren emanaldi bat egongo da. Korrikalari abadiñarrak iazko Tor des Geants proban egindako lana —aurten irabazi egin du— da dokumentalaren abiapuntua, baina ez dira lasterketaren kontakizun hutsean zentratu. Goi mailara heltzeak eskatzen duen lana eta sakrifizioa ere erakutsi gura izan dituzte, Triguerosen beraren zein bere ingurukoen ahotik. 

Zelan sortu zen dokumentala egiteko asmoa?
Iñaki Urresti: Mikel eta biok urteak genbiltzan musikaren munduan, taldeetan jotzen eta abar. 2014 inguruan ikus-entzunezkoen munduan sakontzeko gogoa sortu zitzaidan. Mendia gustatzen zaigu eta, tematika hori erabilita, mendiko eskiari buruzko film labur bat egin genuen orain hiru urte. Mendi Film jaialdiko Mendishort lehiaketan aurkeztu, eta irabazi egin genuen. Lan luzeago eta zailagoei aurre egiten ahalegintzeko motibazio itzela eman zigun.  Baina zer egin genezakeen?
Silvia Trigueros: Orduan, lagunartean, Izaban asteburu-pasa geundela, txantxetan esan nien: "Lasterketa luze bateko parte-hartzaile baten sufrimendua grabatu gura duzue?". Hain justu, urte horretan Tor des Geants proban parte hartuta nengoen, eta asko sufritu nuen. Handik gutxira, nire etxera etorri ziren proposamen horregaz.
I.U.: Berak esan aurretik, guri pasatu zitzaigun burutik ideia hori. Hasieran, proiektu lar handia zela pentsatu genuen, baina Silviak berak proposatu izana behar genuen bultzakada izan zen.  

Eta proiektuarekin aurrera egitea erabaki zenuten.
I.U.: Bai. Bagenekien Silviagaz grabatzea erraza izango zela, laguna zelako, baina, aldi berean, horrelako lanetan esperientzia handirik izan barik, eta Silvia maila handiko korrikalaria dela kontuan hartuta, bagenekien ezin genuela edozer gauza egin, Silviaren ibilbideak merezi duen moduko zerbait egin behar genuela. Erantzukizun handia izan zen. Horrelako erronka bat motibagarria da, baina urduritasuna ere sortzen dizu.
S.T.: Niretzat ere erantzukizun handia izan zen. Urte arraroa neraman, lesioekin, eta, une batzuetan, entrenatzeko gogo faltagaz. Urte gogorra neraman, baina zelan esango nien ezetz, halako seriotasunagaz eta gogoz ikusita. Motibazio moduan ere hartu nuen.

Logistikoki zelako lana eskatzen du horrelako lan batek?
M.U.: Proiektua aurrera doan heinean, han eta hemen arazoak irteten hasten dira, udazkenean perretxikoak moduan. Bidea egin ahala ikasten joan gara. Ikasketa prozesu bat izan da guretzat.
I.U.: Irudien grabaketa zen erronketako bat. Grabazio ekipo sinple baina balioaniztun bategaz joan ginen: aireko irudiak hartzeko dron bat, ohiko kamera bat eta beste txiki bat. Behin materiala hautatuta, beste erabaki batzuk hartu behar. Non eta noiz grabatu? Asierrek, Silviaren senarrak, ibilbidea ondo ezagutzen du eta asko lagundu zigun. Erreferentzia horiek jasota, plangintza bat egin genuen.
M.U.: Behin hasitakoan, lasterketa ez zen geratuko. Ezin genion Silviari eskatu txarto irtendako plano bat errepikatzeko. Lasterketak bere erritmoa du eta ezin ginen atzean geratu.
S.T.: Beste lasterketa bat da.
M.U.: Hori da. Paralelo doan beste lasterketa bat. Eta lagun bi gara, ez hogei. Ahalegin fisiko eta estres psikologiko handia suposatu zigun. Lasterketa Silviak baino nekatuago amaitu genuela uste dut. Izerditan blai (barrez).
S.T.: Bazekiten zertan zebiltzan, aurretik, Ehunmilak lasterketan, probak eginak zituztelako.
M.I.: Simulazio bat egin genuen Ehunmiletan.
I.U.: Tor-en zer aurkituko genuen jakiteko egin genuen. Hainbat lagun eta senitartekok lagundu ziguten. Bat sukaldari moduan, beste bat autokarabanagaz laguntzen… Guztiei eskerrak eman gura dizkiegu. Ehunmilak esperientzia gogorra izan zen. Lasterketa laburragoa da, baina arinago doa. 28 orduan Silviaren atzetik geratu barik!

Zer kontatzen du dokumentalak? Zein da transmititu gura izan duzuen mezua?
I.U.: Silviak palmares handia du, baina askok ez dute ezagutzen, normalean titularrak beste kirol batzuek eramaten dituztelako. Silviaren ibilbide hori islatu gura genuen, baina ez emaitzetan bakarrik zentratuta. Emaitza horiek lortzeko, atzetik dagoen lan guztia ere erakutsi gura genuen: entrenamenduak, ogibideagaz zelan uztartu, amatasuna, bere ingurua… Kontatzea merezi duten hainbat mezu daude eta, batzuetan, Silviaren ingurukoek kontatzen dituzte. Azkenean, lan handia dago atzetik helburuak lortzeko, jarrera kontu bat da. Horixe da mezua.
M.U.: Sarritan, helburuak irudikatzera zentratzen dira dokumentalak: helburua lortu den ala ez erakustera. Horren atzetik zer dagoen ere erakutsi gura izan dugu: lana, pertseberantzia, motibazioa… Bestalde, dokumentaleko musika guk geuk sortutakoa da.

Bilbao Mendi Film Festival-en ikusgai izango da dokumentala.
I.U.: Mundu guztitik punta-puntako lanak aurkezten dituzte Bilbao  Mendi Film Festival-en, eta gu amateurrak izanda, sail ofizialean egotea itzela da.

Tor dokumentalaren teaser-a:

TOR Teaser from GARAKORDADA on Vimeo.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!