Durangoko galdeketa

Estazioko planak atzerapauso bat eman du, epaileak oposizioari arrazoia eman eta gero

Markel Onaindia 2019ko api. 5a, 17:28

ETSren plana 2018ko uztailean tramitatu zuen udalak, baina horren aurrekari lez, 2017ko abuztuan hitzarmen bat adostu zuten ETSk eta udalak. EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak hitzarmen horri alegazioak egin, eta ezezkoa jaso ostean auzitara jo zuten. Orain heldu da Bilboko epaitegiaren erantzuna: forma akats bategatik balio barik utzi du hitzarmena. Beraz, estazioko planak atzerapauso bat eman du, hitzarmen hori beharrezko duelako. Gobernu taldeak esan du errekurritu egingo duela, eta oposizioak plana geratu eta herritarrei galdetzea eskatu du.

18 pisuko dorreak egin ahal izateko eraikuntza muga gainditu zuen ETSk, eta indemnizazio lez 4,2 milioi euro  eman behar zizkion udalari. 2017ko hitzarmenaren bidez, ETSk trenbideko trazatuaren lurra udalari eman zion diruaren trukean. Hitzarmen hori Mari Jose Balier hirigintzako presidenteak sinatu zuen, eta epaitegiak ebatzi du ez zela bere eskumena, 360.000 eurotik gorako hitzarmenak direnean Gobernu Batzordeak egin behar duela. Udal gobernua ez dator bat sententziagaz, eta helegitea ipiniko duela iragarri du. "Gobernu taldeak uste du, epaiak ezarritakoaren aurka, akordioa baliozkotasunez hartu dela eta ez duela onartutako deuseztasun-akatsik izan", esan dute prentsa ohar bidez.

EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak prentsaurrekoa eman dute, eta datorren osoko bilkuran mozio bat aurkeztuko dutela iragarri dute. Alegazioak egitean hitzarmena "ilegala" zela abisatu zutela, eta hala ere gobernuak aurrera jarraitu zuela salatu dute. Dani Maeztuk (EH Bildu) azaldu du beste alegazio batzuk ere egin zituztela auzitegian, baina hasierako forma akats hori egonda, epailea ez dela besteak aztertzen hasi. Izan ere, hitzarmena bera ere ez dute begi onez ikusten. "ETSri dirua barkatu nahi izan zioten. Trazatuko lurra eman zion udalari, baina lur hori durangarrena da". Hitzarmenak 18 pisuko dorreen eraikuntza ahalbidetzen zuen, eta proiektuaren aurka daude oposizioko alderdi biak. Sententzia ikusita, gobernu taldeak "proiektua gelditu eta herritarrei galdetzeko urrezko aukera" duela uste du Maeztuk. "Galdeketa atzeratzeko nahian berme juridikoaz ahoa betetzen zaien horiek, dekretuz eta legez kanpo jokatu dute".

Julian Riosek (Herriaren Eskubidea) esan du sententziak auzibidearen kostak ordaintzera zigortu duela udala. Dirua EAJk eta PSE-EEk ipini beharko luke euren ustez, ez udalak. "Herritarrek ordaindu behar al dugu euren arduragabekeria?", galdetu du. Bere alderdikide Jorge Varelak udal gobernuaren jarrera kritikatu du, epaia errekurrituko duela jakitean. "Proiektua birplanteatzeko aukera bat bada, zergatik errekurritu behar dute?". Herriaren Eskubideak plan osoa ere auzitara eramana dauka.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!