Durangoko EH Bildu eta Herriaren Eskubidea alderdiek ETSk eta Durangoko Udalak sinatutako hitzarmenaren aurkako auzibidea abiatu zuten urtarrilean. Gaur arratsaldean auzitegietara jo duten bi alderdiek emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez, hitzarmenari alegazioak aurkeztu zizkioten, baina ia denak atzera bota zituzten. "Oraingo honetan bide judiziala jarri dugu martxan gure ustez Durangoko herritarren interesen aurka doan hitzarmen baten aurrean gaudelako", azaldu du Eider Uribe EH Bilduko ordezkariak. Uribek gaineratu duenez, hitzarmen honek esleipen akats baten erruz ETSk Durangoko Udalari zor dizkion 4,2 milioi euroak nola ordainduko dizkion zehazten da. "Uste dugu hitzarmen hau kontuak koadratzeko erabiltzen ari direla. ETSk 121.000 euro dirutan ordainduko luke, baina 4,1 milioi euro espezietan", dio Jorge Varela Herriaren Eskubidea alderdiko zinegotziak.
Ildo horretatik, auzibidea abiatu duten bi alderdien ustez, zorra bi zatitan kitatuko da. Alde batetik, 121.000 euro dirutan ordainduko dira. Bestetik, faltako liratekeen 4,1 milioi euroak hiru zatitan kitatuko direla diote. 2,6 milioi euro trenbidea zegoen lurren transferentzia bezala, 1,3 milioi euro urbanizazio obra batzuengatik eta 140.000 euro, gaur egun dauden egiturak kentzeagatik.
Trenbidea igarotzen zen lurren transferentzia (Ezkurditik Faustekaleraino eta Alluitzetik Iurretara doazenak), ez direla "legeak ezartzen dituen prozedura bidez balioztatu" diote oposizioko bi alderdietako ordezkariek. Gaineratu dutenez, ETSk lur hauek ez ditu erregistratuta. "Ez dakigu lur hauen jabea ETS den ala ez. Ezta behin lur hauek udalaren esku izanda, berriro beraien jatorrizko jabeengana itzuli behar diren ala ez", azaldu dute prentsaurrean. Trenbideko espazio horretan, bi errei izango lituzkeen errepidea eraikitzeko asmoa dagoela diote, tren geltokiaren ondoan eraikiko liratekeen 500 etxebizitzek eragingo luketen trafikoa bideratzeko.
Bestalde, urbanizazioari dagoikonez, EH Bildu eta Herriaren Eskubidea alderdietako kideen ustez ez da zehazten zein datatan burutuko diren ezta nolakoak izango diren.