Herriaren Eskubideak helegitea jarri du estazioko lurretako proiektua geldiarazi asmoz

Maialen Zuazubiskar 2019ko mar. 21a, 19:09

Herriaren Eskubideak auzitara eraman du bost dorreen eraikuntza baimenduko duen plana. Prentsaurrekoan jakitera eman dutenez, planean irregulartasunak aurkitu dituzte, Durangoko Udalari "kalte ekonomikoak" sortu ditzazkionak.

Gaur arratsaldean Herriaren Eskubideko kideek udaletxean emandako prentsaurrekoan jakitera eman dutenez, estazioko lurretako Hirigintza Jarduketa Programan eta Barne-eraberritzeko Plan Berezian "aurkitutako irregulartasunak" salatu ditu alderdiak auzitegian. Bertan jakitera eman zutenez, helegitea administrazioarekiko auzien salan jarri zuten urtarrilaren 28an. 

"Espero dugu jarri dugun helegite honekin espekulazio urbanistiko hau gelditzea, hau da, bost dorreen makro proiektuarekin amaitzea", adierazi du Jorge Varelak. Prentsaurrekoan, gainera, gobernu taldekoek (EAJ eta PSE-EE) herritarren eskakizunei "muzin" egiten dietela salatu dute. "EAJk eta PSE-EEk ez dute borondate politikorik proiektu hau geldiarazteko, ez dute borondate politikorik herritarrei hitza emateko", jarraitu dute Herriaren Eskubideko kideek. Beraz, proiektua gelditzea urtarrilaren 28an aurkeztu zuten helegitearekin bakarrik lortu daitekeela uste dutela adierazi dute. 

Bestalde, proiektua geldiarazteak proiektua berriro idazteko eta herriaren beharretara egokitzeko aukera ekarriko lukeela esan du Julian Riosek. "Legeak dio prozesua berriz hasiko balitz parte hartze prozesu bat egotea derrigorra dela, beraz, herritarrek erabaki ahal izango lukete zer gura duten egin 62.000 metro karratu horietan", jarraitu du Riosek.

Prentsaurrekoaren bukaeran, Herriaren Eskubideko kideek proiektua berehala geldiaraziko dutenaren konfiantza dutela esan dute, herritarrak izan daitezen bertan zer egin gura duten erabakitzeko protagonistak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!