39. aldia egingo du Iurretako lasterketak eta Euskadiko txapeldunak erabakiko direnez, maila handiko korrikalariak etorriko dira. Gizonetan, Euskadiko fitxa dutenen artean, Durangaldea Running taldeko David Garcia da faborito. 34 urteko durangarra sasoi betean dago aurten. Urtarrilean Berrizen eta martxoan Ordizian, Bizkaiko eta Euskadiko txapeldun geratu zen krosean.
Urte bian burukomina eragin dioten hankako minak ahaztuta, errepidean ere bikain dabil: orain hiru asteburu 39. tokian amaitu zuen Laredoko lasterketa prestigiotsua. 3.000 korrikalari baino batu zituen proba Iurretakoaren distantzia berdinekoa da: 10 kilometro. Garciaren denbora honako hau izan zen: 30.28. Minutu erdi geroago helmugaratu zen Aitor Etxeberria donostiarra, Iurretan bere arerio nagusienetakoa izango dena. Irabazteko hautagaien artean daude Martin Amilibia —hirugarren euskalduna Laredon— eta Xabier Lukin —laugarren euskalduna Laredon— ere.
Emakumeetan Elena Silvestre —21. postua Laredon— eta Sara Alonso dira Euskadiko txapeldun geratzeko apusturik sendoenak.
5 kilometroko lasterketa berreskuratu dute
Nagusien lasterketa domekan 12:10ean hasiko da Maspen. Helmuga Askondoko aterpean kokatuko dute. Ibilbidea aurreko urteetako berdina da. Aurten bost kilometroko lasterketa berreskuratuko dutela da nobedade nagusia. “Ahalik jende gehienari parte hartzeko aukera eskaini gura diogu”, azaldu du Bidezabaleko kide eta korrikalari ohi Cristina Petitek, lasterketa aurkezteko gaur eskainitako prentsaurrekoan. Izen-ematea www.kirolprobak.com webgunean egin daiteke eguen eguerdira arte.
Gaztetxoen probak
Adin guztietako jendeari irekita dagoen proba da. Nagusien probaren aurretik bost urtetik gorakoen lasterketak hasiko dira, adinka banatuta. Izen-ematea www.bidezabal.org webgunean egin behar da eguen eguerdia baino lehen.
ORDUTEGIA-APIRILAK 7
10:40 Kadeteak.
10:55 Benjamin aurrekoak eta benjaminak.
11:05 Proba paralinpikoa.
11:20 Kimuak.
11:40 Umetxoak.
12:10 Lasterketa nagusia. Absolutuak, beteranoak, juniorrak eta gazteak.
Gaurko aurkezpeneko irudia, Iurretako Udaleko eta Bidezabal taldeko ordezkariekin.