Nahiz eta detektatutako isuriak lege mugen barruan egon, fundizio biek neurri zuzentzaileak hartzea "ezinbestekotzat" jo du udalak, "durangarren osasunean eragina izateko aukera minimo baten aurrean". Baina, Durangairea plataformak gogoratu du legealdian zehar airearen arazoa ukatu egin izan duela. "Hauteskundeetarako aste gutxi batzuk falta direnean argazkirako planta elektoralak egiten ditu herritarrak gehien arduratzen dituen gaiarekin", salatu dute. Durangoko basoak pinuen fumigaziorako esperimentalki erabiltzeko eskaini izana ere ez dute begi onez ikusi, eta udalak aurretiaz izan duen jarreraren isla dela diote.
Durangaireatik esan dute ez dituela "harritzen" bentzenoagaz gertatutakoak. Neurriak eskatu dituzte, bai enpresetan, zein trafikoan eta basoen kudeaketan. "Aire garbi eta osasuntsu bat arnasteko eskubidea daukagu. Gure osasuna bestelako gaien gainetik dago".