Durangoko galdeketa

Estazioko obrak geratzeko eskatu du berriro Erabaki plataformak

Markel Onaindia 2019ko mar. 14a, 09:45

Urtarrilean, kontsulta egin arte estazioko obrak etetea onartu zuen udalbatzak. Baina, udalak ez du praktikara eraman, eta proiektuaren behin-betiko onarpena aldizkari ofizialean argitaratu duela jakin da.

Horren aurrean, Erabaki plataformak beste mozio bat aurkeztu zuen atzo, Lurzoru Legearen 85. artikulua aldarrikatuz; proiektuak 2006tik hona aldaketak izan dituenez, geratzeko beharra dagoela erreklamatu zuen. EH Bilduren eta Herriaren Eskubidearen aldekotasuna izan zuen, EAJrena eta PSE-EErena ez. Urtarrilean obrak etetearen alde bozkatu zuen Mauricio Garcia sozialistak, baina atzo ez. 

"Segurtasun juridikoa" aipatu zuen Aitziber Irigorasek mozioa ez babesteko. Ion Andoni del Amok (EH Bildu) "segurtasun demokratikoa" ere eskatu zuen, galdeketa egingo denerako, posible delako proiektua martxan egotea. Jorge Varela (Herriaren Eskubidea) iritzi berekoa da.

Bestalde, galdeketak ez du datarik oraindik. Joan zen astean Basauriko aholkulari juridikoa egon zen batzorde berezian, han egin duten galdeketaz informatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!