Durangoko galdeketa

Durangoko estazioko obrak gelditzea onartu du udalak, PSE-EEko Mauricio Garciak ere Erabakiren mozioa babestuta

Markel Onaindia 2019ko urt. 29a, 18:30

EH Bilduk, Herriaren Eskubideak eta PSE-EEko Mauricio Garciak babestu dute Erabakiren mozioa, kontsulta egin arte planaren obrak gelditzea eskatzen zuena. Pilar Rios alkateorde sozialistak EAJren mozio alternatiboaren alde egin du, baita PPko zinegotziak ere.

Galdeketaren bidez proiektua etetea erabakiko balute herritarrek, baliteke ondorio ekonomikoak izatea udalarentzat, Erabakik mozioan dioenez. Horregatik, plataformari ez zaio "zentzuzkoa" iruditzen lanekin jarraitzea kontsultara heldu arte.

Mauricio Garciak apurtu du balantza Erabakiren eta oposizioaren alde. Adierazi du irailean ere bere iritziaren berri eman zuela alegazioak egitean, eta ordukoari jarraiki, obrak etetea ondo ikusten duela.

Garciak eta Riosek gobernua osatzen dute EAJgaz batera. Jeltzaleek aurkeztutako mozio alternatiboa babestu du Riosek. "Kontsulta egin dadila nahi dugu, baina berme legalekin". Goiztidi Diazek (EAJ) proiektuaren garapenagaz jarraitzea proposatu du, eta aldi berean, galdeketa burutzeko batzorde berezi bat sortzea. "Batzordeak legezkotasuna bermatuko du".

Hain zuzen, batzorde hori sortzea onartu du udalak bilkurako beste puntu batean, kasu honetan Garciaren aldeko botoagaz ere. Baina, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak aurka bozkatu dute, eta prozesua luzatzen ibiltzea egotzi diote gobernu taldeari. "Ez duzue galdeketarik egin nahi hauteskundeen aurretik", esan du EH Bilduko Dani Maeztuk. Ion Andoni del Amo alderdikideak ere "beldur elektorala" ikusten du gobernuaren jarreran. Jorge Varelak ere (HE) ildo beretik berba egin du, eta nabarmendu du obra geratzen bada etorkizunean kalteordainak ordaindu behar izatea saihestuko dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!