Kontua da 3.000 durangarrek eskatutako galdeketaren bidea ere hasita dagoela, eta horregatik, kontsulta egin arte obrak geratzea proposatu zuen Erabaki plataformak urtarrileko bilkuran. Mozioa aurrera atera zen, EH Bildu, Herriaren Eskubidea eta PSE-EEko Mauricio Garciaren aldeko botoekin. Beraz, udal gobernuak otsailaren 22an hartutako eta martxoaren 1ean aldizkarian publikatutako erabakia ez dator bat bilkurako mandatuagaz.
Plataformaren ustez udal gobernua "gezurretan" ari da, eta azken erabaki hau "durangarrei eginiko adarjotze" bat da. "Hitz politak entzuten ditugu, baina errealitatea beste bat da. Beste behin ere engainatu gaituzte, galdeketa bat egingo dutela esanez eta prozesua atzeratzen duen batzorde bat eratuz". Udal gobernuak proiektua "egungo beharretara" egokitzeko eskatu zion Jaurlaritzari, baina tramitazio ofiziala aurrera doa. Horren atzean, jokaldi bat dagoela uste du Erabakik. "Gero beldurra sartu nahi izango digute, obrak geldituz gero Eusko Jaurlaritzari dirutza bat ordaindu beharko diogula esanez".