576 plaza daude Landako Guneko eta tren geltokiko parkingetan. 219 plaza daude erakustazokaren azpian; 178 txandakakoak eta 41 erreserbatuak. Alluitzetik sarrera duen parkingak, ostera, 357 plaza ditu; 96 tren geltokiko erabiltzaileentzat eta gainerakoak BM superkaturako zein Murias enpresarako. Baina, gutxi erabiltzen dira, bereziki geltokikoa. "“Tren geltokiko parkinga hutsik dago. Hori ez da inolaz ere onargarria, are gehiago kontuan izanda Udalak duela lau urtetik hona dakiela aparkatzeko leku falta durangarren bigarren kezka dela”, esan du Julian Rios bozeramaile eta alkategaiak. Eta, egoera horri buelta emateko neurriak behar direla uste du. Bere iritziz, arazoari irtenbidea emateko "ezinbestekoa" litzateke aparkaleku hauek sustatzea, diru laguntzak eskaintzea eta ordutegiak hobetzea.
Bestalde, TAO zerbitzua aztertu beharraz ere mintzatu da Herriaren Eskubidea, mugakide diren kaleetan aparkatzeko zailtasunak ekarri dituelako, Riosen arabera. "Orain arteko kudeaketak trafiko arazoa areagotu du eta, ondorioz, kutsadurarena. Durangok mugikortasun plan zentzudun eta koherentea behar du", azaldu du Riosek.