Durangoko galdeketa

Erabakik lortu ditu galdeketa deitzeko beharrezko sinadurak, baina udalak martitzenean ez du bozkatuko

Markel Onaindia 2018ko abe. 14a, 10:06

Argazkia: Lehior Elorriaga

ANBOTOk jakin ahal izan duenez, Erabakik lortu ditu galdeketa egiteko sinadurak. Zenbatu barik zeuden 450etatik 300 bat balioztatu ditu udalak, eta galdeketa deitzea posible izango da. Baina, momentuz ez dute osoko bilkuran galdeketaren tramitazioa bozkatuko. Antza denez, prentsara filtratutako gai ordenaren erredakzioan akatsen bat egon da, eta puntu bezala barik kontu-ematean landuko da gaia. Izan ere, proposamena ez dago diktaminatuta. 

Lehenengo gai ordenean jasotzen zen, hirugarren puntuan, galdeketaren tramitazio prozesua hasteko eztabaida. Baina, gaur gai-ordenetik kendu dute, diktaminatu barik dagoelako. Alkateak kontu-ematearen atalean informatuko du gaiaz. Bestalde, Erabakik ere mozio bat aurkeztuko du gaiagaz lotuta.

Udal gobernuaren hasierako analisiak ez zituen behar beste sinadura balioztatu, baina Erabakik 450 bat sinadura falta zirela ohartarazi zuen. Badirudi horiek zenbatu eta 300 bat egiaztatu dituztela.

Galdeketarako, urtebeteko epea
Galdeketa egin ala ez bozkatzen den unetik, udalak hiru hile eta urtebeteko epea edukiko du kontsultarako egun bat ipintzeko. Beraz, urtarrila amaieran bozkatzen bada, maiatzetik aurrera egingo litzateke galdeketa, gutxienez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!