Durangon kobre oxidoaren erabilpena ez du galaraziko udalak, pinuen gaixotasuna tratatzeko

Markel Onaindia 2018ko aza. 7a, 15:26
Argazkia: Lehior Elorriaga

Aldundiak kobre oxidoa airez botata tratatu nahi ditu basoetan gaixotutako pinuak, eta fumigazio horren aurkako mozioa aurkeztu zuen atzo Herriaren Eskubideak, pertsonei eta ingurumenari kaltea ekarriko dielakoan. Ez zen onartu, EAJk eta PSE-EEk mozio alternatibo bat proposatu zutelako. Gainera, Durangoko herri-basoak tratamendu esperimentaletarako eskaintzea adostu zuten, Aldundiak hala beharko balu.

Jorge Varelaren (Herriaren Eskubidea) iritziz, "aireko fumigazio indiskriminatua" da instituzioek proposatu dutena. "Kobre oxidoa kaltegarria da osasunerako eta ingurumenerako. Hemen bestela ere aire txarra daukagu, eta horri kobre oxidoa gehitu nahi diote". Herritarren interesak enpresa pribatuen interesen gainetik defendatu beharko liratekeela esan zuen. EH Bilduk soilik babestu zuen mozioa. Dani Maezturen ustez, "eredu baten porrota" geratu da agerian gaixotasunagaz, pinuen monolaborantzarena. Bere arabera, Durangon ondo egin dira gauzak herri-basoetan, arbolen aniztasuna sustatuz. Horregatik, "harritu" egin zuen gobernu taldeak lur horiek tratamendu esperimentaletarako eskaini izanak. "Durangarren osasuna fumigazioaren menpe utzi nahi duzue?", galdetu zuen. Europan, kobre oxidoa gai toxiko lez izendatua dagoela gogoratu zuen EH Bilduko zinegotziak. 

Aitziber Irigoras alkateak erantzun zion mozio hori orokorra dela, ez soilik Durangokoa, eta lurra eskainiko dutela soilik Aldundiak hala behar badu. Gainera, kobre oxidoa sistema txarra izateaz zalantza agertu zuen. "Kobre oxidoa kaltegarria bada, uste duzu Aldundiak aurrera eramango duela?". Mozio alternatiboan, instituzioei eskatu zieten "lanean jardun dezatela, era koordinatu eta aktiboan eta ahalik eta ingurumen-inpaktu gutxienarekin". Basogintza sektoreagaz hartuemana estutzea izan zen onartutako beste puntuetako bat, eta baita basoen aniztasuna sustatzea ere, koniferoak ordezkatuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!