"Gure planteamendua zen zortzi dantzariko taldea ginela, neska zein mutil izan'

Jone Guenetxea 2018ko urr. 5a, 09:12

Kriskitin dantza taldeko kidea da Ixone Aroma Barrena (Durango,1982).

Dantza munduan aldaketak gertatzen ari dira.
Aldaketa hori gertatzen ari zela ikusten genuen Kriskitinen, eta iruditu zitzaigun geuk ere egin genezakeela gure ekarpena. Hausnarketa egin genuen, aldaketa hori zelan egin pentsatzeko. Uste dut presarik barik eta modu egokian eman genituela pausoak.

Zelan eman zenituzten lehenengo pausoak?
Dantzari Dantza eta beste dantza batzuk ere hemendik kanpo egiten genituen. Sortu zitzaigun arazoetako bat jantziena zen. Trajea berdintsua izan behar zela uste genuen, denok dantzariak ginelako. Baina, txalekoagaz hainbat proba egin eta gero, korpiñoa aukeratu genuen, erosotasuna bilatu guran.

Horrela jantzita, Garaiko Erregeletan parte hartu zenuen lehenengoz, 2015ean.
Egun hartan bereziki urduri nengoen. Urte askoan aritutako Aritz Lasargurenek esan zidan urte hartan neuk egin behar nuela dantzan, eta horrela izan zen. Hainbeste hausnartuta aukeratutako arropa hortxe atera genuen. Durangaldean lehenengoz.

Izurtzako Ezpatadantzari Eguna zelan gogoratzen duzu?
Beste dantza jaialdi batzuetan emakumeek parte hartu izan dute mutil jantzita, mutilak falta zirelako, zeozelan esatearren. Gure planteamendua zen zortzi dantzariko taldea ginela, neska zein mutil izan. Natural irten zen eta hurrengoan Iurretan ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!