“Aititeren akordeoia zena erabiltzen dut oraindik ere”

Markel Onaindia 2018ko ira. 28a, 10:00

Nuria Bilbao biloba da familian aititaren erreleboa hartu duena. Herri Maite musika taldean dabil gaur egun.

Zelan gogoratzen duzu aitita?
Bera hil zenean 14 urte nituen. Gogoratzen dut sukaldean egoten zela, beti aulki berean jarrita, irratia entzuten. Beti norbaitek lagunduta joaten zen, txakurragaz edo makilagaz joan beharrean. Nire aurrean ez dakit sekula jo zuen akordeoia, baina, horrela bada, ez dut gogoratzen.

Beragaz ikasi al zenuen akordeoia jotzen?
Ez, Antonio Nuñezegaz ikasi nuen. 10 urte bete baino lehentxoago hasi nintzela uste dut. Gure taldean dagoen lagun batek bai, hark nire aititegaz ikasi zuen lehenengo. Jende askok esan izan dit aititegaz ikasi zuela; musika eskolako irakasleak esan zigun ohore bat zela nire semeari klasea ematea.  

Zelan hasi zinen?
Amak sartu ninduen musikaren munduan, eta aititek instrumentu hori aukeratu zuenez, ez nuen aukerarik eduki. Akordeoia neukan etxean, eta horixe jo behar nuen. Aititek akordeoi txiki bat ere bazeukan, eta haregaz hasi nintzen ikasten. Gero, berak zeukan handi hura hartu nuen, eta oraindik ere horixe erabiltzen dut. Nire neba ere hasi zen jotzen, baina neu izan naiz jarraitu duen bakarra.

Akordeoia jotzeak ba al du zuretzat sentimendu edo lotura familiarrik?
Akordeoia berea izanda, beti dago lotura hori. Gaur egun taldean jotzerakoan ere lotzen dut beragaz. Noizean behin nire aititeren obrak jotzen ditugu eta beragaz akordatzen naiz.

Familian zeuk hartu zenuen erreleboa. Semeei pasatuko diezu?
Erreleboa hortxe geratuko dela esango nuke. Gaur egun, instrumentuen aukera zabalagoa da, eta musikaz aparte ere hainbeste gauza dago... Seme bat badabil musikan, baina bateria du gustuko.

Diozunez, aititak ez zuen zure aurrean jo. Zuk bere aurrean bai?
Baietz esango nuke. Gerora, taldeagaz amamaren aurrean ere jo izan dut, eta "aititeren bat joko duzu?" galdetzen zidan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!