“Euskal folklorea kalean egotea lortu zuenetako bat izan zen”

Markel Onaindia 2018ko ira. 28a, 10:30

Bilbaoren ikasle izan zen Antonio Nuñez, gero beragaz klaseak ere eman zituen, eta gaur egun Herri Maite taldeko zuzendaria da. "Oso ondo iruditzen zait erreportajea egitea. Denbora gutxian, bere sasoian zerbait egin zuen jendea ahaztu dugu", adierazi du.

Zelan oroitzen duzu Eusebio Bilbao akordeoilaria?
Ezagutu nuenean, 11 urte nituen. Irakasle energikoa zen, eta sarri egiten zigun errieta. Baina, denbora pasatu ostean, eskertzen ditut errietok. Ikusi barik ere, atzamarrak ondo jarrita zeneuzkan edo ez jakiten zuen, entzunda bakarrik. Eta zer esanik ez ukituz gero. Zentzumen horiek hipergaratuak zeuzkan. Exijentea zen eta emaitzak hor daude. Luis Angel Sarobe pianista ere beragaz hasi zen. Euskal Herriko hainbat lekutatik etortzen zitzaizkion ikasleak.

Ekarpena egin zuen euskal kulturaren alde.
50eko hamarkadan errepresio handia zegoen, batez ere kulturala. Alboka ezin zen jo, txistua mugatuta zegoen, trikitixa borrokan zebilen... Bertsolariak zer esanik ez. Zerbait kulturala egin gura zuenak baimen polizialak eskatu behar zituen, eta hura egin behar zen gertatzen zenaren kargu. Baina gizon honi gai herrikoiak gustatzen zitzaizkion. Akordeoia instrumentu 'zuri' bat zenez, astiro astiro euskal folklorea sartu zuen. Habanera edo tangoen artean, disimuluan Antero txaparrotia sartzen zuen esaterako, segidan Francoren bibotea zioen abestia. Euskal folklorea kalean egotea lortu zuen artistetako bat izan zen.

Diskoak ere kaleratu zituen, ezta?
Bi edo hiru LP grabatu zituen, eta gainerakoak singleak ziren, gehienak lau abestikoak. Etxean ditut guztiak, bat ezik. Batez ere abesti herrikoiak arreglatzen edo hobetzen zituen.

Zuen taldea Herri Maite deitzen da, bere omenez.
Aurretik, Eusebioren ikasleekin taldea osatu zen, baina bertan behera geratu zen. Gero, gaztetxo batzuei proposatu nien taldea sortzea. Aurten 30 urte bete ditugu dagoeneko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!