Eusebio Bilbao, akordeoiaren bidez musika eta euskal kultura herritarrengana hurbildu zituen Durangoko itsua

Markel Onaindia 2018ko ira. 28a, 09:30

"Anboto eta Oizen bien bitartian, Durango aurkitzen da, zelai ederrian. Ibaizabal ederrak urez asetzen dau (...) Herri honetan jaio, bertan nahi dot bizi, herri politagorik ez dot nik ikusi". Eusebio Bilbao akordeoilariak, Durangoko itsua lez ere ezagunak, sorlekuari eskainitako kantaren pasarteak dira horiek.

Herri maite izeneko pieza, hain maite zuen lurrari konposatua, Juan Olazaran idazle, abade eta organistaren testuak jantzitakoa. Frankismoaren sasoi ilunetan ekarpen berezia egin zuen musika eta euskal kultura zabaltzeko lanean; durangar ugarik ikasi zuten akordeoia jotzen bere eskolei esker, eta inguruko erromeriak alaitzeko protagonistetako bat zen.

Euskal Herrian akordeoilari itsu batez berba eginez gero, seguruenik Kaxiano etorriko zaigu burura; Eusebio Bilbao ez zen hain ezaguna bihurtu, baina bere lanak merezi du errekonozimendua. "Amamak zioen aititek ez zuela kanpoan famatua izan gura, ez zela hori bere helburua", kontatzen du Andrea Bilbaok, bere bilobetako batek.

6 urtegaz itsu geratua
San Fausto auzoko Zeharmendieta baserrian jaio zen Bilbao. 6 urtegaz geratu zen itsu, Astolako lantegi inguruetan jolasten zebila, kare bizia begietara joan zitzaionean.  Urte batzuetara ebakuntza egiten saiatu zen Bartzelonan (Herrialde Katalanak), baina konponbiderik ez zeukala esan ei zion orduko mediku ospetsu batek.

Musikazale izan zen txikitatik eta, ikusmena galduta, entzumena eta ukimena indartu zituen bere pasioari bide emateko. Akordeoia jotzen ikasi eta gazte sasoian han eta hemengo erromerietan ibiltzen hasi zen, batez ere Durangon. Bilobak kontatzen duenez, aitita bizi zen etxeko jabea Durangoko emakume boteretsu bat zen, eta haren laguntzari esker egin ahal izan zituen musika ikasketak.

Ikasitakoa irakasten
Akordeoia jotzeko zaletasuna besteei helarazteko asmoz, klaseak ematen hasi zen San Fauston. Ume eta gazte askok ikasi zuten beragaz, eta tartean gaur egun ezagunak diren pertsona batzuek ere bai. Nazioarte mailako sariak jaso dituen eta Quebeceko kontserbatorioko irakasle izan den Luis Angel Sarobe pianistarena da kasuetako bat. Bilbaoren ikasle onenetako bat izan zen.

Erromerian erreleboa
Gaur egungo erromerietan jendetza batzen duen Luhartz taldeko Rafa Iriondok ere Bilbaori zor dio bere hasierako oinarri musikala. "Txikitan ehizarako afizioa nuen, eta musikagaz nahiko berandu hasi nintzen, 13 urtegaz. Ez neukan argi zer instrumentu jo, baina orduan ez zegoen eskaintza handirik ere. Musika ere arautua zen. Nire aitak Eusebio Bilbao ezagutzen zuen, eta egun batean bere etxera joan ginen. 'Ez erosi instrumenturik. Esango dizut gaitasunik baduen ala ez', esan zion Bilbaok aitari niri buruz. Liburu bategaz ikasi behar genuen metodoa, baina nik soinuagaz kalera irteteko gogoa neukan, eta hilabetean ikasi nuen. 'Zuk ez duzu karrerarik egingo', esan zidan Eusebiok. Bera ere erromerietan ibiltzen zenez, errepertorioa prestatzen hasi ginen. Oso motibatuta joaten nintzen klasera". Instrumentua jotzeaz aparte, jendeagaz tratua zaintzen ere erakutsi ziola esan du Luhartzeko kideak, erromerietara joan behar zenerako irakaspen lez. Irakasle gogorra zela oroitzen du, baina hortik aparte, atsegina. "Beti txisteren bat egiten zuen bere egoerari buruz". Hiru urtez ibili zen Bilbaogaz ikasten. "Gero, beste irakasle batzuekin ibili nintzen, baina oso metodikoak ziren denak. Bilbaok era zabalago batean ulertzen zuen musika, eta bera lako beste jende bat egon balitz, orduan gauzak beste era batekoak izango lirateke gaur egun. Beragatik ez balitz, igual ez nintzateke orain  soinujole ibiliko". Oraindik ilusioz jotzen duela eta ondo pasatzen duela aitortzen du Iriondok, Bilbaogaz ume bat zenean modura.
 Bien arteko lotura ez zen hor amaitu. "Gerora, anekdota modura, bere seme baten ezkontzan jo nuen, eta bera dantzan ibili zen", gogoratzen du Iriondok.

Juanita Etxaburugaz bizia
20 urte betetzen dira aurten Eusebio Bilbao hil zenetik. Bere bizitza Durangoko Alde Zaharrean jaiotako Juanita Etxabururen ondoan egin zuen. Juanita orain dela  gutxi hil da, abuztuaren 27an.  Durangoko 1937ko martxoaren 31ko bonbardaketaren lekukoetako bat izan zen Etxaburu, umea zela. Durango 1936 elkartearen webgunean (durango1936.org) jasota dago bere testigantza, eta honela dio bere ahizpa Purificacionegaz egindako grabazio batean: "Babeslekura joan ginen. Andra Maria bonbardatu zutela esaten zuten, eta segidan, zaurituak eta hilak gainean ospitalerantz zeramatzatela pasatzen hasi zen jendea Barrenkaletik. Hori ez zait inoiz ahaztu".

Estankoan eta ONCEn
Bikote ezaguna zen Durangon Eusebiok eta Juanitak osatutakoa. Izan ere, Andrea Bilbao bilobak kontatzen duenez, amamak estankoa zeukan San Faustoko baserrian, eta aitita ONCEko bulegoko arduraduna ere izan zen irakasle izateaz aparte. Kurutziaga kalean zegoen bulego hori. Eusebiok eta Juanitak hiru seme eduki zituzten: Fernando, Pedro eta Mikel. Goiko argazkian ageri den eran, akordeoilariak semeekin atera zituen argazkiak bere diskoen azalak ilustratzeko.

Eusebio Bilbaok hainbat durangarrengan ondutako musikarekiko pasioa bere familian ere transmititu da, eta gaur egun Nuria Bilbao bilobak jarraitzen du akordeoia jotzen, aititaren eta bere abestien omenez Herri Maite izena duen taldean.

Argazkian, Bergarako Osintxu auzoko Marcos Elorzagaz batera. (Andoni Lizarralde. txokomusikala.com)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!