Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio Sailburuordeak, trenbide zaharreko 60.000 metro karratuetan garatuko duten urbanizazio planaren berri eman du Durangoko udaletxean -Jaurlaritzarenak dira lurrak-. Prentsaurrekoan Aitor Garitano ETSko zuzendariak eta Aitziber Irigoras Durangoko alkateak ere parte hartu dute. Sailburuordeak azaldu duenez, "historiako eraldaketa handiena izango du Durangok" planaren eraginez. "Lurren %73 herri bizitzarako izango dira, berdeguneak, jolastokiak...", gaineratu du. Irigoras alkatearen esanetan, "prozesu luze baten lehen pausoa da gaurkoa". Durangoko Udalak Jaurlaritzaren plana teknikariekin aztertuko du lehenik, eta gero alderdi politikoekin batera. Plana ez dute zertan osoko bilkuratik pasatu, dekretu baten bidez onartu ahalko da Irigorasen berbetan. Onartzen bada, jendaurrean erakusgai jarriko dute eta iritzia emateko aukera egongo dela azaldu dute. Gero, 32 hile iraungo dute obrek.
260 milioi euroko inbertsioa eta etxeen aprobetxamendua
Faseka egingo duten proiektuak 10,9 milioi euroko aurrekontua du eta 32 hilabetean gauzatzeko asmoa dute. Hala ere, Durango Operazioa proiektua, guztira, 260 milioi euro inguruko inbertsioa izan dela Eusko Jaurlaritzarentzat azaldu du Aizek. Inbertsio horren tamaina nabarmendu gura izan du: "Jaurlaritzak 1.200 milioi euro inguru inbertitu ditu trenbideetan azken 10 urteetan, eta horietatik 260 Durangon izan dira. Hori, kontraprestaziorik barik, higiezinen aprobetxamendua salbu". Beraz, inbertsioaren kostua estaltzeko dirua batzen saiatuko dira etxeen proiektuagaz.