Sinadurak batzen zabiltzate kalean, eta hainbat komertziotan ere badago sinatzeko aukera. Ba al dakizue zelan doan bilketa?
Unai Valle: Ez dugu oraindik sinaduren kopuru zehatzik, baina ondo doala uste dugu. Hori bai, indarra eman gura diogu, jendeak laguntzeko prest dagoela esan baitigu. Uneotan hogei bat lekutan sinatu daiteke, eta gure sare sozialetan dago zerrenda. Denboragaz handitzen doa zerrenda hori. Jendeak kontsultatua izateko gogoa duela ikusi dugu.
Trenbide zaharreko lurretan egingo den proiektuaren inguruko informazioa gura duzuela da zuen eskarietako bat.
Amaia del Amo: Informazio kontraesankorrak daude. 2006ko arau subsidiarioetan biribilgune bat agertzen da, errepide bigaz. 2010eko mugikortasun planean, berriz, errepide bakarra. Gero, gobernu taldeak prentsan esan zuen arboladi bat doala ingurune horretan.
U.V.: Guk geuk ere lur horretan gertatuko dena ulertzeko arazoak genituela konturatu ginen biltzen hasi ginenean. Inkognita eta sekretismo handiak daude: ez dizute informaziorik ematen, planetatik ondorioak atera behar izan ditugu...
Udalaren eta ETSren 2006ko proiektua –554 etxe jasotzen ditu– gaur egungo beharrizanetara egokitzen diren ala ez zalantza duzuela adierazi duzue oharretan. Zergatik?
A.A.: Krisiaren aurretik diseinatutako proiektu bat da. Zertara datorren? Trenaren lurperatzearen kostua estali behar zenez, ETSk lur horietan etxeak eraikitzea erabaki zuen. Higiezinen burbuilaren sasoiko diseinu bat da. Etxeak ez dituzte egingo biztanleei begira, baizik eta trenaren lurperatzearen gastua estaltzeko asmoz. Etxe horiek salduko al dira? Jende guztiak hori gura al du? Akaso gaia birplanteatu daiteke, aukera gehiago egon daitezke. Erabaki dezagun.
U.V.: Plataforma osatzen dugunon artean ere ideia anitzak daude. Ez gabiltza esaten baietz edo ezetz etxe-dorreei; informazioa gura dugu, eta gero kontsultatuak izatea. Beharrezkoa al da? Gaur egun zenbat etxe huts daude Durangon? Lau urterik behingo fase elektoralen gainetik, proiektu batzuk herritarrek erabaki behar dituztela uste dugu.
Ukaezina da lur eremuaren tamaina garrantzitsua dela herriarentzat. 60.000 metro karratu inguru ditu.
U.V.: Urbanizazio eta mugikortasun ikuspegitik Durangok duen egitasmorik handiena da. Alde Zaharraren besteko eremua da. Zelako herri eredua gura dugun erabakitzen utzi behar digute. Dorreetatik harago doa gaia. Zergatik ez dugu bestelako Durango bat garatzen? Nagusiekin eta mugikortasun arazoak dituztenekin atsegina izango dena, adibidez.
A.A.: Durangon libre geratzen zaigun azken lur eremua da. Durangoren etorkizunaren parte izan gura dugu, bere garapen urbanistikoaren agintea hartu gura dugu. Munduko Osasun Erakundeak aholkatzen du herritar bakoitzarentzat 10 eta 12 metro karratu berdegune egon behar direla herrietan, eta Durangon 8 ditugu.
Orain aste batzuk aurkeztu zenuten plataforma, eta harritu egin ninduen bertara agertu zen jende kopuruak. Zelan zabiltzate antolatzen? Zer asmo duzue hurrengo aste eta hilabeteetarako?
U.V.: Laguntzaile guztiekin batera lan taldeak osatu ditugu sinadurak batzeko, eta uda ostean ere kontzientziazioagaz jarraituko dugu. Gainera, alkateagaz batzartzeko eskaera tramitatzen gabiltza, eta ETSra ere gutun bat bidali dugu, informazioa exijitzeko.
Zenbat sinadura beharko dituzue galdeketa egitea eskatzeko? Zelan aurreikusten duzue prozesu hori?
U.V.: Erroldaren %10en sinadurak beharko ditugu, baina, badaezpada, %15en bila joango gara. Behin hori lortuta, mozioa geuk sartu ahalko dugu udaletxean, Parte-hartze ordenantza berriak horretarako aukera emango digulako. Udazkenerako egin gura dugu. Lorpen handi bat izan daiteke kontsulta bat egitea. Gero, proiektuaz informatu eta galdetu egin beharko digute; ordenantzak hilabete batzuetako epea ezartzen du. Galdeketan baietz irteten bada, demokratikoki onartuko dugu. Ezezkoa bada, herritarren beharrizanak ezagutzeko pausoak eman beharko ditu udalak.