Mikeldiko bizilagunek aparkalekuaren aurka aurkeztutako mozioa ez du babestu udalak

Markel Onaindia 2018ko eka. 26a, 19:09

EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak soilik egin dute plataformaren alde. Gobernu taldeak mozio alternatibo bat aurkeztu du, Durangon aparkaleku arazoari aurre egiteko parkinen ikerketa egiteko. Bulego Teknikoa herrian 6 aparkaleku disuasorio sortzea aztertzen dabil, eta Mikeldikoa da bat.

Ortzi Egiak egin du Mikeldi eta Juan Olazarango plataformaren izenean berba, eta aparkalekua ez dela egingo esatea eskatu dio gobernu taldeari. Gainera, ingurunean txintxaunak eta bankuak ipintzeko ere eskatu du. Egiak esan du aparkalekua egitea atzera egitea litzatekeela, auzoa asko hobetu duelako berdeguneak. "Atzerapauso nabarmena da auzoaren ongizate bizitzaren ikuspegitik". Gainera, auzotarrek uste dute aparkalekuak trafikoa, kutsadura, zarata eta segurtasun eza handituko lituzkeela. Bestalde, aparkaleku disuasorioek durangarren arazoa ez luketela konponduko uste dute plataformakoek, kanpotik datozenentzat bideratzen direlako. Momentuz parkinaren aurkako 1.300 sinadura batu dituzte.

Goiztidi Diazek (EAJ) mozio alternatiboa aurkeztu du, eta nabarmendu du udal inkestetan agertutako arazo handiena aparkaleku falta dela. "Ezin dugu esan aparkaleku hori egingo ez denik". Pilar Riosek (PSE) azaldu du auzotarren iritzia kontuan izango dutela aparkaleku berriak egiterakoan. Gogoratu du berdegune horretan babeseko 48 etxe eraikiko direla, eta berdegunea behin-behinekoa dela. Gainera, parkinak eremuaren erdia hartuko lukeela esan du.

Oposizioko alderdientzat "lotsagarria" da gobernuak auzotarren mozioa alboratu eta alternatibo bat aurkeztea. "Gobernu taldeak bizkarra ematen die auzotarrei", kritikatu du Julian Riosek (Herriaren Eskubidea). Hurrengoa izan da Ion Andoni del Amoren (EH Bildu) galdera: "Zer nahi dugu, berdeguneen Durango edo zementuarena?". Alderdien artean eztabaida sutsua izan dute mozioan zehar.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!