Elkarretaratzea eta prentsaurrekoa egin dituzte gaur arratsaldean, eta bertan azaldu dute udaleko bulego teknikoan baieztatu dietela aparkalekuaren asmoa.
Monika Gonzalezek eta Ortzi Egiak egin dute berba sustatzaileen izenean, eta 80 bat lagun izan dituzte aurrean. Hainbat arrazoi eman dituzte aparkalekuaren proiektuaren kontra agertzeko. Adibidez, berdeguneak oinezkoen trafikoa handitu eta auzoari eragin baikorra eman diola esan dute. Aparkalekua eraikiz gero, segurtasuna murriztuko dela uste dute, trafikoa, zarata eta kutsadura handituko direlakoan. Gainera, ohartarazi dute aparkalekua ez dela bertakoentzat izango, "Madalenan edo Iurretan autobusa hartuko dutenentzat" baizik. Kritikatu dute ez duela TAOrik ez bertakoentzako gordetako eremurik edukiko.
Momentuz sinadurak batzen hasi dira, eta plataforma bat sortzea zein bestelako protestak garatzea aztertzen hasi dira. Bertaratu diren zenbait herritarrek ideiak eta iritziak bota dituzte amaieran. Auzoan urte askoan bizitako batek azaldu du bere ustez "atzera egitea" dela berdegunea kendu eta aparkalekua sortzea, iraganean industriaren, parkinen edota barraken ezarpena bizi izan dutelako, besteak beste.