Aquariuseko errefuxiatuei laguntzeko, Durangoko larrialdietarako etxeak eskaini ditu udalak

Markel Onaindia 2018ko eka. 14a, 11:19

Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Meditarranée erakundeek Aquarius itsasontzian erreskatatu zituzten 629 etorkinak Valentziako (Herrialde Katalanak) portura helduko dira, Italiako eta Maltako gobernuen debekuaren aurrean Espainiako gobernuak zabaldu baitie atea. 

Errefuxiatuak hartzeko planak martxan daude estatuan, eta Eusko Jaurlaritza ere badabil sor litezkeen egoerak aztertzen. Izan ere, oraindik ez dago zehaztuta zenbat pertsona eta zein egunetan heldu ahal diren. Durangon, larrialdi kasuetarako etxeak dauzka udalak, eta libre dituenak errefuxiatuen esku uzteko prest dagoela adierazi dio Jaurlaritzari, iaz 7 errefuxiatu kurdugaz egin zuen lez. Pilar Rios alkateordeak azaldu du "Bilbo eta Getxoko udalekin batera lehenak" izan direla euren baliabideak eskaintzen. 

Erkidegoan, Aquariuseko errefuxiatuen %10 jasotzeko prest daudela adierazi du Jaurlaritzak. Errefuxiatuak Hartzeko eta Gizarteratzeko Erakunde arteko eta Gizarte Batzordetik koordinatuko dute laguntza. Hauek dira partaideak: Eusko Jaurlaritza, Aldundiak, EUDEL, CEAR, Gurutze Gorria, ACCEM, MPDL, Cáritas eta Ellacuría Fundazioa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!