Durangon babes hartu dute Elorrion agertutako 7 errefuxiatuek

Anboto 2017ko mar. 3a, 09:48

Kurdistango familia bi dira, eta Durangoko udalaren jabetzako larrialdietako etxe bitan pasa dute gaua; lau adin txikikoak dira. Durangoko Udalak berak eman zuen etxeak uzteko pausoa, Ertzaintzari abisua emanda. Teresa Laespada Bizkaiko Gizarteratze diputatuak Radio Euskadin adierazi du bertan geratzea eskainiko dietela zazpi errefuxiatuei.  Bihar errefuxiatuen aldeko hileroko elkarretaratzea burutuko da Andra Marian, 12:00etan.

 

Albistea jakitean, Aitziber Irigoras alkatea eta Pilar Ríos alkateordea udalak errefuxiatuei babesa eskaintzeko lehen pausoak ematen hasi ziren. Udal ordezkariek azaldu dute protokolo bat martxan dagoela, errefuxiatuei osasun arreta eta laguntza juridikoa emateko, eta Ertzaintzak erabakiko duela zer gertatuko den eurekin hurrengo egunetan. Beraz, ez dago argi Durangon egun gehiagoz geratuko diren, edota beste leku batean hartuko duten babes. Gainera, antza denez, Ingalaterra aldera ailegatzea zen familia kurduen helburua.

Herritarrak sare sozialetan errefuxiatuen egoeraz galdezka hasi dira, ea laguntza zelan eman daitekeen jakiteko asmoz. Julián Ríos Herriaren Eskubideko zinegotziak eta errefuxiatuen aldeko plataformako kideak esan du momentuz zazpirak ondo daudela, eta laguntza behar bada eskatuko dutela. "Teknikariak eta Gurutze Gorrikoak laguntza ematen ari dira, eta momentuz gutxi egin daiteke".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!