Azken trena da. Ez da besterik igaroko. Euren esku ez zeuden emaitzei esker, Durango Nissan Gaursa errugbi taldeari ate bat zabaldu zaio Ohorezko B Mailan geratzeko. Atearen beste aldean Belenos taldea (Aviles, Asturias) du zain.
Durangoko taldeak Belenosen zelaian jokatuko du joaneko partidua domeka honetan, 12:00etan. Itzuliko neurketa hurrengo asteburuan izango da Arripausuetan. Durango Nissan Gaursak aspaldi amaitu zuen liga txapelketa, baina jokalariek hainbat torneo eta neurketa jokatu dituzte sasoiari eusteko. Oxigar Belenosek DRTk baino maila bat beherago jokatzen duen arren, talde sendoa dela erakutsi du igoera fasean.