Airearen kalitatea

Atzo arratsaldean Durangon aire "oso txarra" egon zela salatu dute

Markel Onaindia 2018ko mai. 7a, 12:25

Herriaren Eskubidea alderdiko Julian Rios zinegotziak atzo arratsaldeko datuak zabaldu ditu sare sozialetan, Eusko Jaurlaritzaren webgunetik jasota. 18:00etan 60ra heldu zen PM 2,5 partikulen maila, eta neurketa ofizialen arabera indize horrek aire "oso txarra" adierazten du. Eguneko beste orduetan maila baxu mantendu zen, 20ra heldu barik gehienetan. 

Herriaren Eskubideako kideek hainbat bider zabaltzen dituzte aireagaz lotutako datuak. Gainera, Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketaren emaitzak publikatzea ere exijitu zuten azken osoko bilkuran; udalak eskatuta hiru hileko ikerketa lana egin zuen jaurlaritzak udazkenean. Abenduan, gai kutsakorrak isuri direla onartu arren, Durangoko airea urteko %99 egunetan ona dela nabarmendu zuen Elena Moreno ingurumen sailburuordeak. Neurketen balorazioa egin zuen, baina datu zehatzak eman barik. Horregatik, horiek argitaratzeko eskatu du Riosen alderdiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!