Airearen kalitatea

Durangoko Udalak dio azken bi urtetan airea oso ona, ona edo onargarria izan dela egunen %99an

Anboto 2017ko aza. 30a, 17:43

Gaurko prentsaurrekoa zuen iragarrita udal gobernuak airearen kalitateaz datuak emateko, baina kide batek egon ezin izan duela-eta, oharra bidali dute azkenean. Udalaren bertsioa, aireaz kezkatuta dauden herritarren eta elkarteen oso bestelakoa da. 

Udalak emandako datuen arabera, PM2,5 partikulen atalean, iaz 12,5 mikrogramo metro kubiko bakoitzeko izan zen batazbestekoa, eta aurten 14koa. Europar Batasuneko muga 25ean dago. Baina, Munduko Osasun Erakundeak 10 mikrogramotan ipintzen du muga. Beraz, horren arabera, txarra litzateke. Partikula horiek osasunerako txarrak direla diote adituek, arnasketa aparatutik sartu ahal direlako.

PM10 suspentsioko partikulen kasuan, udalak dio 2016an 2 egunetan soilik gainditu zela aire txarraren maila, eta 2017an behin ere ez. Iaz, urteko batazbestekoa 18 mikrogramo metro kubiko bakoitzeko izan zen, Europako muga 40an dagoenean. Aurten, 16 mikrogramotan dago momentuz. 

Usain txarraz
Udalak azaldu duenez, Jaurlaritza ikerketa bat burutzen dabil, eta hilabete inguru barru emango ditu datuak. 2007tik hona airearen kalitateak Durangon hobera egin duela ere badio Irigorasen gobernuak, plan bat martxan jarri zutelako. Usain txarrei dagokienez, Eusko Jaurlaritzara bidali du kexa, beste udal batzuek ere egin omen duten eran, eta Gasteizko instituzioak elkarlanerako deia egin die udalei, auzia argitu ahal izateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!