Ospakizunik ez, Tabiran

Joseba Derteano 2018ko api. 28a, 21:27

Deustok 0-1 irabazi du Durangon eta Kulturalari liga txapelketa zaleen aurrean ospatzeko aukera zapuztu dio.

Durangoko Kulturalak berdinketa nahikoa zuen Hirugarren Mailan bere multzoko liga txapelketa irabazteko, baina itxaron egin beharko du. Edozelan ere, gaurko porrota ez da drama bat. Liga eskura izaten jarraitzen du. Bihar bertan lortu dezake, Portugaletek bere norgehiagoka irabazten ez badu. Portugaletek bihar irabazita ere, liga amaitzeko geratzen diren jardunaldi bietan puntu bakarra batzea nahikoa izango luke Kulturalak.

Igoera zaleen aurrean lortzeko aukera galdu izana da, beharbada, jokalariek aldageletarako bidea burumakur -baten batek haserre ere bai- egin izanaren arrazoi nagusia. Kulturala ez da Deusto baino gutxiago izan. Aukerarik onenak bereak izan dira. Jagoba Portillok atezainaren aurrean bakarrik alperrik galdu duena izan da horietako bat. Beste behin, aurkariaren atera bakarrik zihoanean, Praderari luzetxo joan zaio azken kontrola. Zaleak izoztuta utzi dituen Deustoren gola azken txanpan heldu da, Tejadak bigarren zutoinera egindako erdiraketa Intxaustik dotore errematatu duenean. Ordutik amaierara Kulturala saiatu da, baina presaka eta ideia argi barik. 

Partiduaren amaieran, Deustoko jokalaria Kulturalekoa animatu nahian.


Kulturala animatuz Tabiran ikusi ahal izan den pankartetako bat:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!