Jolas eremu berria lau urteko barne prozesu baten emaitza da, eta hiru balioren gainean eraiki dute: genero berdintasuna, parte-hartzea eta naturaren integrazioa. Horrela, oinezko ibilbideak, errekaxtoak, egurrez landutako tramankuluak eta berdeguneak ditu espazioak, besteak beste. Gainera, udalak egindako lur lagapenari esker 10.000 metro karratura handitu da eremua.
Aurten, gainera, 50 urte bete dira ikastolaren sorreratik. "Hasierako ilusio berarekin jarraitzen dugu hezkuntza berdinzaleago eta naturarekiko errespetuzkoago baten alde", esan dute oharrean.
Durangorako parke berri bat
Ikastolakoagaz, Durangok parke berri bat edukiko du eskura. Udalak iaz onartu zuen lurra lagatzeko hitzarmena, PP ez beste guztiek aldeko botoa emanda. EAJ eta PSE-EEren gobernuko arduradunak ikastolan egon dira proiektua ezagutzen, eta oharra bidali dute balioa emateko. "Gobernu taldeak, proiektu inklusibo eta berritzaile hau goraipatu du, mutilak patioen jabe diren eta neskak baztertuta geratzen diren eredu tradizionalarekin apurtzen duena". Udalak beste hainbat espaziotan ere genero ikuspegia txertatuko du, plan baten bidez.