Mola jeneralaren aginduz Italiako Aviazzione Legionariako militarrek egindako erasoagatik justizia bila dabil udala, iazko uztailean kereila aurkeztu zuenetik. Epaileak atzera bota berri du auzia, eta instituzioak errekurritu. Aitziber Irigoras alkateak azaldu du momentuz ez dagoela beste nobedaderik auzi judizialari dagokionez. Gerediaga elkartea, Durango 1936 eta beste zenbait elkarte ere badira kereilaren sustatzaile.
Asteon bertan hasiko dira bonbardaketagaz lotutako ekitaldiak. Aipagarria da aurten, lehen aldiz, Guda Zibileko biktimak oroitzeko udalak antolatzen duen ekitaldia Benita Uribarrena parkean egingo dela, hilerrian barik. Leku horretan, lore eskaintza bat egingo dute 08:30ean, lehen erasoaren orduan. Ekitaldi nagusia, ostera, 12:00etan izango da emakume antifaxistaren izena daraman parkean (Museo atzean). Irigorasen esanetan, hilerrria baino gertuago dagoen eremu batean egitea izan da ekitaldia lekuz aldatzeko arrazoia, jende gehiagok joan ahal izateko. Alkateak dio memoria eta etorkizuna bateratuko direla ekitaldiekin, "berriro horrelakorik ez gertatzeko kontzientzia gure egiteko". Pilar Rios alkateordearen iritziz, ikastetxeetan "lan ona" egin dute ikasleekin, Book Trailer lehiaketagaz -eguen honetan da sari banaketa-.
Jesuiten elizan
Jesuiten eliza izan zen bonbardaketak kaltetuetako gune bat, eta 6 urte iraun zuten berreraikitzeko lanek. Atzo, hain justu, 75 urte bete ziren berriz zabaldu zutenetik. Horregatik, bertan erakusketa bat ipiniko du Gerediaga elkarteak. Arantza Atutxa kudeatzaileak adierazi du, gainera, ohiko bisita gidatuak ere egingo dituztela. Bestalde, hilaren 31n bertan, Andra Mariko elizpean urteroko ekitaldi hunkigarria antolatuko dute Kriskitinegaz batera.