Eneko, zelan esnatu zara gaur goizean?
Esnatu eta Goya saria ondoan ikusi dut. Txotxerena ezagutu dudanean, baina, bat-batean sari horrek garrantzia galdu du. Bizitza eman zidan gehien behar nuenean. Txotxe egingo dudan gauza bakoitzean eta esango dudan hitz bakoitzean entzungo dut.
Atzoko egunean Txotxe eta beste hainbat pertsona gogoratu zenituen. Zer sentitu zenuen zure izena entzun zenuenean?
Banekien aktore berri onenaren saria banatzen lehenengoa izango zela. Poztasun handiz entzun nuen nire izena. Gutxi gora behera prestatuta neukan esan gura nuena.
Eta horren ostean Handiak beste bederatzi sari jaso zituen.
Nire saria jaso nuenean ez nintzen galara itzuli. Prentsari erantzuten egon nintzen, eta ez nintzen gertatzen ari zenaz oso kontziente. Jendeak esaten zidan, lau eta bost sari eskurtzen genbiltzala. Bukaeran itzuli nintzen, saririk eskuratu ez genuen sailetako sarien banaketara.
Osteko jaia itzela izango zen.
Bai, baina egia esan, hainbeste emozio eta gero, nekatuta nengoen. Parrandarako baino, lo egiteko gogoa sortu zitzaidan. Kontuan izan gau hau prestatzen hilabete daramagula.
Handiak historia egin du.
Itzela izan da talde osoarentzat. Goya sarietan, sari gehien jaso dituzten pelikulen sailkapenean Handia hirugarrena da.