Protagonismotik ihes egiten zuen aktorea zen Txotxe. Kurutziaga ikastolan irakasle zela, 1986-1987 ikasturtean antzerkigintza irakasgai moduan ezarri zuten. Lehenengo Behin batean ju-ju-ju antzezlan haren atzetik beste hainbat belaunaldi markatu zituen obrak etorri ziren. Gai sakonak ikasle gazteen neurrira lantzen zituen. Horrela, hiru hamarkada baino gehiagotan taldearen gidoien sortzailea eta zuzendaria izan zen.
Ikastolako antzerki taldearen ostean, Karrika etorri zen. Baina, Karrika, antzerki talde bat baino gehiago da. Tribu bat, familia bat da. Hantxe eman zituen lehen urratsak Eneko Sagardoy aktore durangarrak. Eta horregatik, Goya saria jaso zuenean, atzo, familiarekin batera Karrika eta Txotxe presente izan zituen.
ANBOTOn ere kolaboratzaile estimatua izan zen Txotxe. Horregatik, besarkada handi bat bidali gura diegu bere familia eta lagunei.