Handia

Indio txikitik Goya sarietako hautagai handira

Anboto 2018ko ots. 2a, 09:22
Eneko Sagardoy eskumatik hasita lehenengoa

Konexio berezia dute Eneko Sagardoy eta Miren Erdoiza lehengusu-lehengusinek. Antzerkian lehenbiziko pausoak elkarrekin eman zituzten Ikastolan eta Karrikan, eta bakoitzak bere logelan, argazki berezi bat gordetzen dute: Amaiterminen eskaini zuten lehenbiziko antzezlaneko argazkia.

Indioak eta bakeroak. Amaitermin. Tio Andoniren brasa usaina. Zer datorkizu burura?
Ohe gainean dudan argazki zoragarri bategaz gogoratzen naiz. Ni burua lumaz beteta dudala, eta lehengusu denak urduri, gure bizitzako antzezlanik garrantzitsuena balitz bezala. Oso serio hartzen genuen.  Ni beti sentitu naiz oso umoretsu, eta oso serioa aldi berean.

Oso profesionalak sentitzen ginen.
Txikitatik eduki dut gauzak egiteko kemena. Gauzak ondo egitearen kontua oso sartuta izan dut beti. Gizontxo bat sentituko nintzen, guztia kontrolatu guran. Zorionez, gaur egun deskontrol egoeretan bastante hobeto sentitzen naiz.

Abuztuak 13. Miren Show. Protagonismo behar bat genuen. Gainontzekoek konpetizioan, baina guk ez genuen errekonozimendurik izaten abuztuaren 13ra arte.
Hura zen nire motibazioa sasoi horretan. Beste gauza batzuk egiten aspertu egiten nintzen, eta antzerkia egitea zen dibertigarriena. Berdina gertatu izan zait bizitzako beste hainbat etapatan ere. Teorian gustuko izan beharko nituzkeen gauzengatik interes gutxi agertu dut, edo ez naiz abila izan. Aldiz, eroso sentitu izan naizen mundua asmatutakoa izan da. Oso ondo pasatzen nuen jolasten, eta guk biok protagonismo itzela genuen.

Umea zarenean, txaloak jasotzea gura izaten duzu, eta guk antzerkiaren bidez jasotzen genituen. Itzela muntatzen genuen, eta jendea ikustera etortzen zen.

Zenbat ordu igaro ditugu ikastolan entseatzen, karrajo eta eskailera arteko txoko propioan?
Orain dela gutxi garai horiek gogorarazi zizkidaten: belauniko, zapatilak belaunetan ezarrita nituela, ipotx bat ematen nuela. Horrelakoak gogorarazten dizkidatenean konturatzen naiz, beharbada berreskuratu beharko nukeela erlaxatuta egon eta disfrutatzea; ikustea gai naizela oraindik barrea eragiteko. Orain arte egin ditutan lanak, Heriotza Bikoitza izan ezik, guztiz dramatikoak izan dira. Garai horietara begiratuz gero, Eneko oso komiko bat ikusten dut eta hori berreskuratu egin beharko nuke.

Antzerkiari edo dramatizazioari lotutako irudi gehienak ikastolagaz lotzen ditut. Horra heldu ziren baita Izar, Mattin eta Zerribarne ere.
Ikastolak zeozer eman badit, ikaskide eta abarrez gain, umorea izan da. Umore absurdo bat garatu dut bertan. Horrez gain, jolasteko espazio bat ere eman dit. Maiz galdetu diot neure buruari ikastolara joan izan ez banintz ez nintzatekeela honetara dedikatuko. Oraindik gogoratzen naiz ze urduri egon nintzen Ikastolako antzerki aurreko udan. Antzerkiak proban jartzen zaitu  adin horretan.

Karrika iritsi zen gero. Txotxek [Jose Martin Urrutia, irakaslea] itxaroteko esan zigun, gazteak ginela, gogoratzen duzu? Gerora konturatu naiz gu babesten zebilela.  
Guri antzerkiaren mundu zoragarriaren ateak parez pare zabaldu zitzaizkigun. San Agustinen sartu eta lurralde berri batera sartzea bezalakoa zen. Aldi berean, antzerkiak eragiten dituen tentsioa eta beldurra erakutsi zizkigun, eta baita publikoari obra erakutsi aurretik egin beharreko lan guztian kolektiboak duen garrantzia ere.

Nire kasuan, Karrikak antzerkia baino gehiago eman dit, eta hori niretzat antzerkia nire naturaren parte dela. Karrikaren bidez, antzerkiaren eragin sozialki eraldatzaile hori presente eduki dut. Kanpotik Durangora etorri den jendearengana hurbiltzeko aukera eman dit, adibidez.

Karrikak antzerkia eta borroka soziala presente ditu. Karrikak emakume gorputza eta ahotsa ditu, eta gizonek boterea zuten espazioetatik iritsita, ez da gutxi niretzat. Ordura arteko nire erreferentzia guztiak gizonezkoak ziren. Ez genuen deskubritu antzerkia bakarrik, harremantzeko modu bat ere deskubritu genuen; ezberdintasunak onartu ez ezik, indartzeko sistema bat; iritziak trukatzeko modu bat, sentsibilitatea nola landu, bizitza osorako diren erreferentzia estetikoak eta musikalak... Karrika, antzerkia, eta mila gauza dira. Pertsona baten garapenerako, nerabezaroko etapa garrantzitsua Karrikan eta San Agustinen igarotzea babesleku batean sartzea izan zen. Barrutik kanpora eraldatu ninduen.  

Brigitte eta Philip iritsi ziren gero. Guretzat lehen esperientzia profesionala zen. Inflexio puntu bat izan zen.
Nik ahalik eta pertsonaia gehien egin gura nituen. Lotsatia nintzen, baina izateko arrazoi bat nuen pertsonaien bidez, edozer planteatzeko askatasuna nuen, denak balio zuen.

Ondo eta gaizki, ona eta txarra kontzeptuen artean lehenbiziko apurketa Karrikan izan nuen. Edozer egin nezakeen, denak balio zuelako. Nik ordura arte ez nuen hori jaso.

Karrikak izaera iraultzailea izan du beti. Kalean esaten ez genituenak oholtzan esaten genituen.

18 urteak iritsi zitzaizkigun gero. Eta helduagoak egin ginen.  
Bai, noski. Gu antzerkiagaz hazi gara eta antzerkiak hazi gaitu gu. Antzerkiak guri asko erakutsita heldu ginen 18 urteetara, eta gure parte handia zela sentituta. Orduan, helduen rolak hartu behar izan genituen. Nik errekete eta zuk amabirjin herritar bortxatu baten paper oso bortitzak egin behar izan genituen.

Beste pertsona batek beste bide batzuetatik jasotzen duen informazioa edo esperimentazioa guri antzerkiak eman dizkigu, eta paper horietan sartu behar izaten ginen, gainera.

Lurra Astinduz. Krisi betean harrapatu gintuen, zer egin jakin barik edo. Ez naiz damutzen hartutako erabakiagaz, baina ez dakit berriz egingo nuen.
Ez naiz damutzen egindako ezertaz. Oso gaizki planteatuta dago 18 urtegaz horrelako erabakiak hartu behar izatea; batetik, inguruak ematen dion garrantziagatik, eta, bestetik, norberak ez dakielako zein aukera dauden. Eta paradoxikoa da, baina kosta zitzaidanagaz karrera aukeratzea, azkenean ia ez nuen unibertsitatea zapaldu, asko ikasi nuen arren. Gerora konturatu naiz berdin dela zer ikasten duzun, beti guztiagaz ikasiko duzula bizitzarako. Oso bigarren mailan ikusten dut bere garaian hainbeste pisu zuen ‘Zer ikasi?’ hori.

Asko disfrutatu ditut zugaz, entseguak. Antzerki aurreko erritualek obrek besteko garrantzia dute.
Biok eman diogu garrantzi handia umoreari, eta oso potentea da hori. Erreferentzia berriak sortzen dira hainbat unetan, eta horiek umorera eraman daitezke. Hori da, nire ustez, nire arma garrantzitsuena.

Guk denetik egiten ikasi dugu: furgoneta bete eta hustu, adibidez, eta, horri esker, hori egiten duena beste modu batera zaintzen eta baloratzen duzu. Eta hori da, gaur egun, aktore ezagunak ikusten ditudanean gehien baloratzen dudana. Filmazioek irauten duten bi hilabeteetan, lankidea lagun min bilakatzen da, eta lana bukatzean desagertu egiten da.

Erritualei dagokienez, beti itzultzen zara zoriontsu izan zaren momentu horietara. Nire kasuan, azkeneko hamarkadan momentu horiek errepikatu egiten dira. Antzerkian deskubrimenduak beste erritmo batean egiten dira, lengoaia propio bat eraikitzen da antzerkiko jendeagaz, ez hobea ez okerragoa, berezia; ulertzen duzu modu batera jokatu dezakezula, eta jende horrek ulertuko zaituela. Horregatik diot etxea dela antzerkia, oso nirea den lekua bezala ulertzen dudalako.

Inunganen etxerik ez zuten bi pertsona ziren Ibra eta Moha. Ibraren eszena zeuk idatzi zenuen. 

Karrikak beti jarri dizkigu aurrean injustizia sozial eta politikoak. Zorionez, immigrazioaren gatazkak ez nau hain hurbiletik jo, eta paso egin nezake. Antzerkiak, ostera, aurpegi aurrean jarri dizkit, erakutsi dit zein pribilegiatu jaio naizen.

Ni aktorea naiz, aktuatzen dudalako, baina nik idatzi, zuzendu eta sortu egiten dut. Gauza guztien gainetik sortzaile sentitzen naiz.

Goenkaleko fasea iritsi zen ostean.
Momentu gris asko eduki ditut, eta zuk ondo dakizu hori. Nire ‘Danari bai’ esateko tendentzia horrek gainditu izan nau, eta ezin izan dut disfrutatu nik gura beste. Ia ez dut gogoratzen Goenkale, unibertsitatea eta Karrika batu zitzaizkidan urtea. Baina dena egin gura izate horrek gogortu ere egiten zaitu, eta, orain, proiektu bakarrean lan egin ahal izanda, espazio pilo bategaz sentitzen naiz. Ez nuke aldatuko egindako ezer.

Zenbait proiekturen artean aukeraketa egitea ez da erraza izan beti.
Egia da hori. Momentu oso gozoan nago orain, baina Handia eta beste gauza baten artean aukeratu beharra zegoen, eta eskerrak zuei. Profesionalki, galdera ikur oso potoloak izan ditut mahai gainean, beste edonork izan ditzakeen bezala, baina, nire kasuan, publikoak izaten dira proiektuak. Pixkanaka pentsatzen nabil zein den eduki gura dudan bizimodua.

Handiaren filmazioa gogorra izan zen?
Nire bizitzan igaro ditudan bi hilabete onenetakoak dira. Ez dut ia oroitzen pertsona moduan zer bizi izan nuen, baina pentsa, Gusturago nengoen lanean, kalean baino! Lan hau oso berezia da, eta zaila da hitzez azaltzeko. Presio handia nuen, batez ere, nire buruarekiko. Oraindik ere badut sentsazio hori, ‘Nola iritsi naiz ni hona?’. Ofizio honek badu beste alde bat, alfonbra gorria, kontaktuak egitea... Hasieran deserosoa zitzaidan, baina asko ikasi dut azken asteetan, eta orain gustura nago. Beldurra dut, baina beste batzuetan nire buruari aprobetxatzeko esaten diot. Hankak lurrean edukitzeko modu bat da. Otsailaren 3a pasatuko da, eta gero beste proiektu batzuk etorriko dira. Ez dut honetara ohitu gura.  

Otsailak 3. San Blas jaiak Abadiñon, eta Goya sarien gala Madrilen.
Nire desio handiena egun horretan disfrutatzea da. Badakit tentsio barik ez naizela egongo, baina disfrutatzea gura dut, saria eraman edo ez. Horrek galdu du jada pisua. Irabazi egin gura dut, noski, baina lasai nago. Proiektu berrietan lan egitea da gura dudana, eta nominaturik egoteagatik lana egiteko aukera berriak baditut, nahikoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!