“BECeko buruz burukoan bertsotan egitea eta asmatzea terriblea izan behar da, nire motibazio nagusia hor dago”

Aritz Maldonado 2017ko abe. 15a, 09:20
Argazkia: Lehior Elorriaga

2013ko Txapelketa Nagusiko hirugarren postua hobetzeko asmoz taularatuko da domekan BECen Igor Elortza. Aurrez hiru bider egona da finalean.

Ze sentsaziogaz iristen zara domekako finalera?
Prest eta sentsazio onagaz. Final bat beti da egun berezi bat, bere ilusio eta erantzukizun guztiagaz. Urte hasieratik, gehiago edo gutxiago, finalaren eguna buruan eduki dugu; irailetik aurrera gehiago, eta finala buruan bai, baina tartean beste kezka batzuk ere bai, ze, azken batean, finalera iritsi egin behar da, eta hori gero eta gaitzagoa da.
Gorputzaldiz ondo sentitzen naiz, sentsazioa dudalako txapelketan zehar behetik gora etorri naizela. Bastidako saiora kezka puntu horregaz joan nintzen, lau urtez txapelketan norbere burua ikusi barik, ariketa eta gai kontestuan baldintza neutrotan, eta, gainera, lehia kontestuan, baina, esango nuke hainbestean joan zela. Donibane Lohizuneko finalerdirako indartsuago nengoen, bertsotarako ondo, puntuan, nengoela jakitun, eta txapelketara begira ere Bastidan baino grina handiagoagaz. Aste hauetan, presioa mantentzeko asmoa hor dago.

Izan ere, presio puntu hori mantentze aldera, prestaketa aldatu duzu, ezta?
Horrela esanda... Kirolariek ere esaten dute hau ez dela matematika, ez dagoela jakiterik. Aurreko txapelketan konturatu nintzen azkeneko fasera nekatuta iritsi nintzela. Irailaren erdira arte ez naiz hasi prestaketa zehatzagaz, arrisku batzuk hartzearen jakitun, baina konfiantza horregaz. Grina puntu hori mantentzen dut, eta nekatuta ez egotearen sentsazioa dut, beraz, uste dut ongi irten dela.

Laugarren finala duzu hau, eta zazpigarren Txapelketa Nagusia. Lehiarako grina, nola mantentzen da?
Hori da beste galdera, eta noiz arte? Aurten bi gara zazpi Txapelketa Nagusitan parte hartu dugunak, Jon Maia eta biok. Sei baino gehiago ez dituzte askok egiten, Andoni Egañak berak zazpi egin zituen, lau txapel irabazita, baina ezberdina da, grina eta motibazio aldetik.
Gaitza da. Energia asko eskatzen du fisikoki, eta ardura eta erantzukizun aldetik ere asko aldatzen dira gauzak; ez da berdina 25 urte edukitzea, edo 42. Kideak ere beharrezkoak dira, saiakera intimo horiek konpartitzeko lagunarte bat behar duzu, eta orain konturatzen zara, zuri laguntzeko, bai lagunak direlako bai bertsozaleak direlako, beraiek ere denbora hori antolatu behar izan dutela. Aurten nik igarri dut, jende honek nigatik hartu du denbora hori, eta nik ezin dut etsi, ezin dut gaia gustatzen ez zaidalako alferrik utzi, hor ere ahalegin totala egin behar dut. Baina egia da gero eta gehiago kostatzen dela.

Amesten duzu Txapelketa Nagusiko txapela janztea?
Amestu, zentzu horretan, gehiago amesten nuen garai batean. Txapelketa Nagusian ibilbide gorabeheratsua eduki dut. Orain arteko txapelketarik onena nire aldetik, eta sailkapenari begiratuta ere, 2013koa izan zen. Niretzat garrantzitsua izan zen, aukera bat irabazi nuen, eta aukera bat eman zidan txapelketak berak. Aurtengo helburuetan, zoratu barik, lorgarria dela uste dut. Aurrekoan buruz burukora heltzearen inbidia latzagaz geratu nintzen. BECeko buruz burukoan bertsotan egitea eta asmatzea terriblea izan behar da. Hor ditugu Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus azkeneko bi txapeldunak, eta eurak dira faborito nagusiak. Baina iruditzen zait orain duela lau urte baino aukera zabalagoa dagoela bikote hori aldatzeko. Baina hor sartzeko, ez dira bi horiek bakarrik gainditu behar. Ikusiko dugu zer geratzen den, baina aurten bat baino gehiago izango gara Amets eta Maialeni hori borrokatzen joango garenak.

Txapelketa hasieran, protagonista izan dira belaunaldi gazteagoak, baina finalean ez da ia aurpegi berririk egongo oholtza gainean.
Mila ertz interesgarri ditu gai honek. Kontua da BECen guztiok gura dugula egotea, eta gure belaunaldia, eta datuek diote hau, sendoa dela: aurtengoa izango da inoizko finalik zaharrena, eta inoizko finalik gazteena 2001ekoa izan zen; eta orduko belaunaldi zentrala ere geurea izan zen. Horrek esan gura du gazte sartu ginela, eta txapelketa gugaz batera zahartu dela.
Hala ere, BECekoa ez da egungo plazaren isla. Plazan aldaketa ematen ari da, hurrengo belaunaldia ona delako, beste ikuspegi bat ematen dutelako, eta, normala den bezala, jendeak ere beste ahots batzuk gura dituelako plazan.

Esperientzia hori, gainera, baliagarria izango da 13.000 zaleren aurrean abesteko.
Final batera inor ez da ohitzen, eta 13.000 lagunen aurrean abestera ere ez. Niri hau lau bider gertatu zait. Maialen Lujanbiori, adibidez, 97tik sei bider. Sei egun, hogei urtean! Baina, “berme” bat izan daiteke aurretik egon izana. Elkar babestuko dugu, badugulako konfiantza. Orain dela lau urte igarri zen, eta horrek lagundu egin zuen final ona izaten.

Gizartean bezala, sare sozialek pisua hartu dute. Eragiten dizute?
Kuriosoa da, Gara eta Berriako elkarrizketetan ere berdina galdetu zidaten. Eragiten du, baina nik ez dut hartzen negatibotzat. Garaiekin doan gauza bat da. Txapelketak duen oihartzuna duenez, gure buruari tranpak egiten dizkiogu. Eskandalizatzen gara apustu etxe batek apustuak egiten dituelako, edo iritzi gordinen bat dagoelako, baina betidanik egin dira porrak elkarte, familia edo bertso-eskoletan, eta tabernetan beti egin da berba bertsolariak egindako lanari buruz. Aukera ematen dizute feedback hori ere jasotzeko, edo horien aurrean zure iritzia partekatzeko.

Ezer gehitzekorik?
Beñat, Unai, Abarkas, Manu eta Mireni bide hau konpartitzearen plazerra eta esker ona agertzea gura nuke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!