“Ideiak burura ekartzea ez da horren zaila, ideia horregaz gaia jartzea da zailena”

Aitziber Basauri 2017ko abe. 15a, 12:30

Bertsolari Txapelketa Nagusian badu eskarmentua Maite Berriozabalek gai-jartzaile lez. Hala ere, aurten, final nagusian estreinakoz izango da. Amaia Ugaldek, berriz, aurten du lehenengo aldia Txapelketa Nagusiko gai-jartzaile taldean. Iaz, Bizkaikoan aritu zen, Durangaldeko taldean ibili ostean. Martxoan hasi ziren batzarrekin, eta “zentzu guztietan egun oso intentsoak” direla aitortu dute.

Ia 15.000 pertsonek beteko duten BECa izango duzu aurrez aurre zapatuan. Nola ikusten duzu zure burua paper horretan, Maite?
Maite Berriozabal: Oraindik ez dut ikusten (barrez). Uste dut hunkigarria izango dela. Lau laguneko taldea izango gara, eta nik zaleen artean bertsolariekin oholtzarako bidea egingo dut. Oso hunkigarria, ikaragarria, izan behar du, eta momentu hori disfrutatzeko esan didate. Ez dakit gai izango naizen. Lana ondo betetzea, disfrutatzea, oreka mantentzea eta domekan ondo lo egiteko motibo asko izatea, horixe dut helburu.

Zein da gai-jartzailearen lana? Bertsolaria mugara eramatea?
Amaia Ugalde: Kantagarriak izan daitezkeen gaiak aukeratzea da gure lana, saio interesgarria irten dadin. Oreka mantentzea da helburua eta ez estutasunean jartzea, bertsolariak ahalik eta lanik onena egin dezan. Erronka bat proposatzen zaie. Maila handiko bertsolariak dira eta edozein trabari aurre egiteko gai. Gu laguntzeko gaude. Bertsolariak oholtzan dauden une horretan eroso egotea oso inportantea da, zaindu egin behar dira, ezer behar duten adi egon..

Xehetasun guztiei begira zaudete?
M.B.: Guraso rolaren estilokoa da gurea. Bitartekaritza lana egiten dugu askotan. Antolakuntzan, bertsolariekin, gure burua kudeatzen eta kontrolatzen lan egiten dugu. Gaiak patxadaz irakurri behar ditugu eta beste edozerri adi egon. Bertsolariei ere bai. Ikusleak badu halako fantasia bat, gozamen absolutu batean bizi garela bertsolariak mugara eramaten. Ez da horrela. Bertsolariak eurak ere ez dira errazak, ez doaz gauza erraz bila. Autoexijenteak dira eta mailako gaiak jartzen saiatzen gara.

Nola aukeratzen dira gaiak?
A.U.: Sorkuntza prozesu bat dago atzean. Aukeratzea zaila da —gai sozialak, gaurkoak, salaketarako bidea ematen dutenak...— baina are zailagoa da gaiok nola formulatu zehaztea, beti ere oreka mantenduz. Dena den, gai ona edo txarra, kontu subjektiboa da
M.B.: Dena baino errazago ikusten da gure lana kanpotik, eta ulertzekoa da. Ideiak burura ekartzea ez da horren zaila, ideia horregaz gaia jartzea da zailena. Nola ekarri Durangoko Azoka edo Kataluniako prozesua bertsotara, nola abestu, zeinen ahotan... Ideia hori moldatu behar dugu, kantagarri bihurtu. Gainera, gaiak orekatu behar dira, edukiz eta formaz, beste bertsokideen ofizioekiko.

Lan zaila duzue...
M.B.: Edozein txapelketa edo sariketatan bertsolariak bere burua horrela ikusgai jartzen duen neurrian, gure buruagaz exijenteak izan behar dugu geuk ere, pertsona horri ahalik eta saiorik onena egitea ahalbidetzeko. Plazan bestelako lizentzia batzuk hartu daitezke, baina txapelketan egiturak erabakita daude eta denei aukera berdinak eman gura dizkiegu.

Faboritorik baduzue?
M.B.: Badut, baina ez dut esango. Baina, gai-jartzailetzak eta txapelketaren egiturak lagundu dit ikusten norbaitek merezi izan duenean aitortu zaiola.
A.U.: Beti dago bat. Baina, jabe naiz inork hiru perla botaz gero litekeena dela bere alde jartzea.

Zenbatek eskatu dizuete sarrera?
A.U.: Uffff...
M.B.: Egon da denbora erosteko. Finala oso egun polita da, joanez gero asko gozatuko duzuna, baina aurretik saio mordoa egon dira. Txapelketaren oihartzun mediatiko eta soziala garrantzitsua da, indartu behar dena, baina ahaztu gabe hori posible dela urtean zehar egiten diren plazei esker.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!