Bestelako emozioak ere piztu dizkio lehiak, onak eta txarrak. Txapelketako prestaketan kide izan duen Miren Artetxe (Oihana Bartragaz batera) lehiakide ere izan du, Durangoko finalaurrekoan. “Itzela da tentsiozko une horietan konfiantzazkoa den norbait alboan edukitzea kantatzeko”, adierazi du. Alderantziz bizitzea ere tokatuko zaio, baina, entrenamendu kide izan duen Igor Elortzagaz domekako finalean sufrituz. “Oholtzan lagundu ezin, eta guri orain atzeguardian egotea tokatzen zaigu”, esan du.
“Inbidia, baina drama barik”
Amurizak Txapelketa Nagusiko irudirik zirraragarrienetako bat utzi zuen Iruñeko kanporaketan. Sudurretik odoletan hasi zen bertsotan zela. Txapelketa baldintzatu arren [finalera sailkatzeko aukerekin taularatu zen berriztarra], irakasgaia izan dela nabarmendu du Amurizak. “Domekarako inbidiagaz nago, noski, baina ez dut drama bat egin gura horregaz. Are gehiago, ikasbide oso garrantzitsua daramat nigaz” azaldu du berriztarrak. Bertsolariaren berbetan, “Kokotetik gora oso aste intentsoak dira txapelketakoak, eta gorputza ere zaindu behar dela konturatu naiz”. Bestalde, Txapelketa Nagusia “kokatzeko” ere balio izan dio gertaerak. “Jokoa hemen dago, eta ez han”.