52. Durangoko Azoka

Martxel Rodriguez, Elene Carreto eta Beñat Urrutia dantzariak, Durangoko Azoka zabaltzeko eta ixteko protagonista

Markel Onaindia 2017ko abe. 5a, 11:28

Bihar hasiko da 52. Durangoko Azoka, domekara bitartean makina bat artelan eta ekitaldi jasoko dituena. 10:30ean zabalduko ditu ateak, Landako Gunean.

Iaz Karrika antzerki taldearen magiak koloreztatu zuen azokaren hasiera, eta aurten ere sorkuntzak garrantzi berezia edukiko du. Izan ere, 10:20rako iragarri den Martxel Rodriguez dantzari lesakarraren ikuskizun batekin zabalduko dituzte sormenaren lurraldeko ateak. Lesakarrak Kukai konpainiaren Oskara proiektuan parte hartzen du, besteak beste. Lan horregatik, Max sarietarako hautagai izan zen gizonezko interprete onenaren atalean. Gainera, nazioarte mailan esperientzia du; 2014an, adibidez, Danimarkako Black Box Dance Company-gaz Europan zehar biran ibili zen.

Itxiera, ostera, Elene Carreto durangarraren eta Beñat Urrutia sopeloztarraren esku egongo da. 19:55 Desafioa izeneko lana plazaratuko dute domekan, Landako Guneko hegoaldeko irteeran, ateak itxi orduko. Carreto hainbat dantza eskolatan ibili izan da teknika klasiko, garaikidea eta jazza ikasten, eta Madrilera jauzia egin zuen duela urte batzuk. Azken hiru urteetan Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolan dabil, eta bertan klasekide du Urrutia. Durangarrak, Funtzak obra estreinatu du aurten BAD jaialdian, Nuria Perez konpainiarekin batera. Biek, eskerrak eman dizkiote Gerediaga elkarteari, azokaren itxieran parte hartzeko aukera ematearren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!