Zelan batu zinen ‘Funtzak’ obra sortzeko proiektura?
Beste proiektu batean ezagutu nuen, iaz, lan honen zuzendari artistikoa, Nuria Perez. Ekainean deitu zidan proiektu honetan parte hartzea proposatzeko.
BAD jaialdiaren barruan estreinatuko duzue obra, bihar.
Bai, eta oso pozik nago horregatik: antzerki eta dantza arloko jaialdi inportantea da.
Egun oso intentsoak izango zenituen azken hauek.
Entsegu asko egin dugu estreinaldira begira, bai. Estreinaldia egingo dugun Bilboko La Fundición aretoan ibili gara bederatzi egunez egoitzan.
Zelakoa da ‘Funtzak’?
Dantza eta antzerkia uztartzen ditu, eta ikuskizunerako musika propio sortu du Asier Beramendia Eraul taldeko kideak. Obran hiru dantza solo daude, eta pieza bakoitzari doinu bat ipini dio.
Zelakoa izan da koreografiak sortzeko prozesua?
Gestalt terapiako teknikak baliatuz sortu ditugu soloak, inprobisatuz, bakoitzaren sentsazio eta fisikalitatearen arabera sortzeko. Hasiera eta amaierako koreografiak taldekoak dira, eta tartean egiten ditugu soloak. Hiru dantzariak oso desberdinak gara, eta obrako mugimenduetan islatuta ikusten da hori.
Zer ezaugarri islatzen ditu zure koreografiak?
Ikuskizunean sua naiz ni, eta dantza egiteko nire modua oso energikoa eta indartsua da, fisikalitate handikoa.
Emakumeak zarete oholtzan agertzen zareten guztiak.
Bai, izan ere Nuria Perez zuzendariak emakumeen indarra islatu gura du obragaz.
Taldeko kiderik gazteena zara.
Beste taldekideek 30 urte inguru dauzkate, eta esperientzia handiagoa, baina ez zaizkit horregatik lekzioak ematen ibili... Elkarri geure iritziak eman dizkiogu, eta oso eroso ibili gara lanean.
Estreinaldiaren ostean leku gehiagotan arituko zarete?
Gustatuko litzaiguke programatzaileei lana interesgarria iruditzea eta proposamenak jasotzea. Obra kalean egiteko moldatzeko ere prest geundeke, gainera.
Bilbon ikasten duzu dantza.
18 urtegaz Madrilera joan nintzen dantza ikastera, baina Bilbon ikasketa horiek egiteko aukera sortu zenean, gurago izan nuen bueltatu. Dantzertin, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantzako Goi Mailako ikasketen lehenengo promozioa da gurea. Hirugarren mailan nabil.
Irakaslea ere bazara.
Bai, hirugarren urtez, Elorrioko eskola publikoan dantza eskolak ematen dizkiet umeei eta amei, eskolaz kanpoko ekintza moduan. Oso gustura nabil. Dantzagaz jolastuz, umeak euren nortasuna eta sormena garatzera bideratu gura ditut: dantzaren lengoiaren bitartez, emozioak onartu eta transmititzeko gaitasuna jorratzea umeekin.
Noiztik egiten duzu dantza?
Hiru urtegaz balletean hasi nintzen, baina urteekin dantza garaikidera jo dut. Balletean zerbait falta zitzaidala sentitzen nuen, eta 12 urtegaz funkyan hasi nintzen, gero jazzean... Niretzat balleta estetika bat da gehiago, eta markatutako kanonetan sartzen ez bazara —altua eta argala ez bazara, adibidez— kanpoan geratzen zara. Ez dut nire burua kanon horregaz identifikatzen, eta ez dut uste eredu hori aproposena denik umeentzat. Dantza garaikidea, aldiz, libreagoa da, eta gizatasuna eta nortasuna dira oinarria. Barruan daukazuna ateratzeko baliatzen duzu teknika. Klasikoak baino askoz gehiago asetzen nau gaur egun dantza garaikideak.