Gaur hasiko dira tren geltoki zaharra botatzeko makinak sartzen

Markel Onaindia 2017ko aza. 28a, 10:10

Obra antolatzeari ekingo diote egunotan, eta abenduaren erdialdera arte ez dute aurreikusten eraikina botatzen hastea. 

Lehenengo beharginak heldu dira estazio zaharrera, eta euretako batek adierazi du gaur sartuko dituztela lehen makinak ingurunean.  Bere arabera, egun batzuk beharko dira eraikina botatzen hasteko. 

ETSren asmoa, geltokia eraitsi eta inguruan 7.500 metro karratuko lur eremua urbanizatzea da. Gainera, geltoki berriko sarbide nagusia izango dena ere zabalduko da obrari esker. Abuztuan sinatu zuen hitzarmena udalagaz, obra garatu ahal izateko. EH Bildu eta Herriaren Eskubidea ez ziren ados agertu akordio hori udan itxi izanaz, eta gainera, estazio zaharra botatzearen aurka daude, balio historikoa argudiatuta. Zenbait herritarrek ere sinadura bilketa egin zuten change.org atarian. Gobernu taldeak, ostera, eraikina ez dagoela egoera onean esan izan du, teknikoen informeak kontuan hartuta. 

Obra honegaz, trenbide zaharreko eremua urbanizatzen jarraitzeko beste pauso bat emango dute datozen hileetan. Baina, oraindik lur eremu handi bat geratuko da urbanizatzeko, trena lurpean sartu zenetik 5 urte bete direnean. Bestalde, ez dago argi zer proiektu egingo duten ingurune osoa aprobetxatzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!