Ume eta gaztetxoentzako espazioak aztertzeko 40.000 euro ipini gura ditu Durangoko Udalak

Markel Onaindia 2017ko aza. 20a, 19:36

2018rako udal aurrekontuaren zirriborroa aurkezteko ideien artean azaldu du Aitziber Irigoras alkateak. Bestelako proiektuen artean, nabarmentzekoa da datorren urtean hondakin organikoak batzeko kontainerra (bosgarrena edo marroia) kalean egotea espero dutela. Zirriborroa gaur aurkeztu diete gainerako alderdiei, eta negoziazioan hasiko dira orain. 

Durangoko hainbat gurasok elkarte bat sortu dute, umeen aisialdi eskaintzari begira "gabeziak" daudela iritzita, eta denen artean proposamenak egitea da euren asmoa. Joan zen astean izan zen aurkezpena, eta egun gutxiren buruan dator gobernu taldearen iragarpena. Hala ere, Irigorasek esan du euren ekimenak ez diola gurasoen mugimenduari erantzuten, ez dela horrek eragindako erreakzio bat, irailetik dabiltzala gaiari bueltak ematen. 40.000 euro erabili nahi dituzte azterketa bat egiteko; bestelako zehaztasunik ez dago momentuz. 

Bosgarren kontainerra
Batez ere Aldundiko udalkutxaren ekarpena handitzeagatik %5 igoko da aurrekontua, 32,7 milioi euroraino. Adibidez, kontratuetan espero da igoera bat, %8,8koa. Arrazoi nagusia zabor bilketarako eta kale garbiketarako kontratuaren lizitazioa izango da. Horren baitan, bosgarren kontainerraren zerbitzua sartuko litzateke, Durangaldean dinamikara batuko litzatekeen azken herria izanik. 

544.000 euro, genero ikuspegira
Pilar Riosek esplikatu du genero ikuspegia, nagusien arloa, enpleguarena eta etxebizitzarena izango direla gobernuaren lehentasunak, lehen aipatutako ume eta gaztetxoenagaz batera. Besteak beste, genero ikuspegia jorratzeko 554.000 euro inbertituko dituzte, berdintasun arloa eta zeharkako politikak kontuan hartuta. Adibidez, puntu beltzetako bat den Askatasun etorbidearen atzealdeko eremua, trenbide zaharrekoa, egokitzea izango da ekintza nagusietako bat. Gazteen alokairurako 5 etxe gehiago egokitu gura dituzte, eta nagusiek jateko etxerik etxeko zerbitzua ere ezartzea proposatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!