Zer asmo duzue gurasoek?
Julen Orbegozo: Durangon 0-16 urte bitartekoentzat eskaintza duin bat ez dagoela ikusita sortu da taldea. Gure asmoa jendea lanerako batzea da. Ez da soilik kexak bideratzeko elkarte bat izango; Facebooken bertan, dagoeneko, hainbat ideia jaso ditugu. Orain arte, bakarkako kexak egon dira batez ere, baina hor geratzen dira.
Alaitz Arizaga: Lan egiteko gogoa dugu, ideia baikorrak sortzekoa. Umeak ditugula kontuan izanda, ahal dugun erritmoan lan egin gura dugu.
Maria Oñate: Kexa bat duen edonor gure albora etorri eta hori aldatzen saiatu gaitezen. Ikuspegi eraikitzailea eduki gura dugu.
Gabeziak daudela uste duzue.
M.O.: Urtean zehar lau gauzatxo egoten dira, eta ez dira nahikoa. Durango asko hazi da, eta inguruko askok ere bertan egiten dute bizimodua. Merkatu plazara zoaz, eta saskibaloian dabiltza, eta sarri zikin egoten da. Landako eskolako estalpea egin dute, baina ordutegia ez da nahikoa, eta udaltzainek sarri ez dute ate nagusia zabaltzen.
J.O.: Hori partxe bat izan da. Durangok beste espazio estali bat behar du.
A.A.: Eta jada daudenak ondo erabili. Ikusi egin behar da Landako Gunea zelan dagoen! Eta Ezkurdiko pilotalekua, berdin!
M.O.: Bai. Landako Gunea otsailean zabaltzen dute umeentzat, eta iaz, martxoan. Baina neguko aurreko hileetan ere hotza eta euria egiten du, ez dago argirik, eta eraikin horretan ondo egongo ginateke.
Eta euria egiten duenean, zein izaten da zuen soluzioa?
M.O.: Astelehenetan, Plateruenera, Olgetan egoten da eta. Begira, aurrekoan bertako argazki bat partekatu genuen, eta jende pilo batek ez zekien ezer horretaz! Bestela, igerileku estalira...
A.A.: Askotan, autoa hartu eta Abadiñoko pilotalekura joaten gara, edo Garaikora. Egun-pasa nonbaitera, edo agenda kulturalean begiratu...
J.O.: Gu ere, Mañarira edo Izurtzara. Durangok emigratzea eskatzen du euria denean, ez dago prestatuta umeekin egoteko.
Ez da ohikoa gurasoak euren artean antolatzea.
A.A.: Jende batek esan dit: “Gure garaian ere ez geneukan nora jo”. Baina, Durango hobetzeko gaude, ezta? Gauza asko hobetu ditugu, eta hau ere hobetu behar da. Asko bagara eta indar handia egiten badugu, lortu daiteke. Gauzak aldatzeko boterea dugula sinesten hasi gara.
M.O.: Gizartea erritmo bizian aldatzen ari da, eta beharrizan berriekin gero eta gehiagotan egingo dugu topo. Horri aurre egiteko modu bat da elkar batzea eta plan integral bat egitea. Zerbait eskaintzen badugu, arazo pilo bat saihestu ditzakegu. Gaur egun, ume piloa dago elkartu eta berbarik egiten ez duena, mugikorragaz jolasten daudelako. Zerbait eskainita, hartu-eman sanoagoa eduki ahal dute.
J.O.: Arazo hau zeharkakoa da, denoi eragiten digu. Izan ere, denok izango gara uneren batean guraso, osaba-izeko edota aiton-amona.