2017rako indize altuak eztabaida eragin zuen iaz, hirutan lantzeraino. Ekainean, 0,5ekoa ezarri zuen 140.000 eurotik gora baloratutako etxeetan. Azaroan, langa 180.000 euroko etxeetara igo zuten, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk akordioa egin ostean. Baina kaltetuen haserrearen aurrean, berriro moldatu zuten abendu amaieran, 0,335era bajatuta. Hala ere, kaltetuak ez ziren gustura geratu eta errekurritu egin zuten.
%1,5eko igoera orokorra
2018rako ordenantza fiskalak onartu dituzte gaurko osoko bilkuran, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoagaz, eta EH Bilduren abstentzioagaz. %1,5eko igoera aurkeztu dute, salbuespen batzuekin. Pilar Rios alkateordeak (PSE-EE) adierazi du zergak ikuspegi sozial batetik lantzen dituztela. Esaterako, familia ugariei laguntza txertatu dute, eta genero ikuspegia ere bai.
EH Bilduren zenbait ekarpen jaso dira azken dokumentuan, horregatik boto hori. Eider Uribek azaldu du herritarrek emandako iritzietan oinarritu dituztela ekarpen horiek. Bestalde, argitu du ez daudela igoera orokor bategaz ados, baina proposatutakoa "onargarria" iruditzen zaiela. Herriaren Eskubideko (HE) ekarpenak, ostera, atzera bota ditu gobernuak. Jorge Varelaren esanetan, familiei laguntzeko eta enpresa handiei gehiago eskatzeko balio beharko lukete zergek. Igoera orokorragaz, 2018ko diru-bilketa 218.000 euro gehiago handituko dela ohartarazi du. HEk aurka bozkatu du, PPk bezala. Fran Garatek azaldu du ez dagoela ados, herritarren interesak defendatu gura dituela. Baina, Goiztidi Diazek (EAJ) lanik egin ez izana leporatu dio. "Zalantzan jartzen dut ordenantza denak irakurri dituen ala ez". Uribek ere salatu du batzorde bakar batera agertu dela Garate.