Josune Escota: “Harrigarria egin zait udalean gauzak egiteko duten modua”

Anboto 2017ko urt. 13a, 11:15

“Harrigarria egin zait udalean gauzak egiteko duten modua. Ordenantza bat hiru aldiz aldatzea ez da normala, eta uste dut jakin barik ibili direla gauzak egiten. Zelan bozkatu dute ia jakin barik?”. Josune Escotaren berbak dira, higiezinen zergarako ezarritako indize altuaren kaltetuetako batenak. Salatu du ez dutela informaziorik eduki, eta auzitegira eta Arartekoarengana jotzea ez dute baztertzen.

Indize orokorra 0,2koa da, eta altua –Aldundiak 180.000 eurotik gora baloratu dituen 358 etxetan– 0,355ekoa. Ondorioz, Ondasun Higiezinen Zergan dezente gehiago ordaindu beharko dute 2017an. Durangoko Udalak hirutan eztabaidatu du indize bereziaren inguruan. Ekainean, 0,5ekoa ezarri zuen 140.000 eurotik gora baloratutako etxeetan. Azaroan, langa 180.000 eurora igo zuten, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk akordioa egin ostean. Baina kaltetuen haserrearen aurrean, berriro moldatu zuten abendu amaieran. Kaltetuek, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak 0,29ko indizea proposatu zuten; EAJk eta PSE-EEk 0,37koa, eta PPk 0,355ekoa. Hauxe onartu zen, jeltzaleen eta sozialisten babesa jaso zuelako.

Kaltetuen haserrea
Indize altu horregaz ez daude ados plataforma bat sortu duten kaltetuak, Tabira, Galtzareta eta Santikurutz auzoetakoak, besteak beste.“Tasa honegaz datoz, dirudunak izango bagina moduan, eta hori ez da horrela”, azaldu du Escotak. Gogoratu du bakoitzaren etxeak ez duela zerikusi zuzenik errentagaz. “Batzuek seme-alaba asko dituztelako erosi dute etxe hori; baina ze soldata daukate?”, ohartarazi du. Indize hori barik ere gehiago ordainduko zutela dio; gainera, bere auzunearen kasuan, Tabiran, zaborren tasa bi ordaintzen dituzte, eta garajeagatik derrigorrezko kuota bat ere bai.

Horrez aparte, indizearen 180.000 euroko langan saltoa dagoela kritikatu du Escotak. “179.999 euroko balioa duten etxeetan 366 euro ordainduko dituzte; 180.000koetan, 900 euro baino gehiago”.

13 herritan soilik
Orain arte, etxeei ezin zitzaien indize alturik ezarri, guztientzat berbera zen, baina Aldundiak hori aldatu du, eta Bizkaia osoan 13 herritan ipini dute. Escotaren arabera, Espainiako legedian debekatuta dago. “Guk  pilo bat ordainduko dugu, eta Espainian indize hori debekatuta dagoela ikusita, adarjotzea ematen du honek”, kexatu da. Dioenez, Berangon, adibidez, 2 milioi euroko balioan ipini dute indizerako langa, ez 180.000 eurotan.  

Escota ez dago gustura udalean emandako prozesuagaz. “Sentsazio txarra geratu zait, politika ez ulertzearena”, adierazi du. Hala ere, alderdiekin berba egiten jarraitzeko asmoa dute, eta politikariek ere borondate hori erakutsi dutela dio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!