OHZaren igoeraren kaltetuek lan-taldea sortu dute egoera aztertzeko

Anboto 2016ko aza. 14a, 13:34

Egueneko ez ohiko osoko bilkuran egon ziren auzokideek batzarra egin zuten zapatu goizean, Ondasun Higiezinen Zergari buruz bilkuran adierazitakoa beste auzokideei kontatzeko. Zumar kaleko garaje batean 200 bat lagunekin bildu ziren. Batzarrean lan-talde bat osatzea erabaki zuten. Hainbat auzotako herritarrak aukeratu zituzte lan-taldea osatzeko, horrela, “auzo ezberdinetako kideek ahotsa izan dezaten”. 

Ordenantzaren aurkako alegazioak aurkezteko asmoa daukate. Hogeita hamar egun dituzte alegazioak aurkezteko, eta horregatik, lana antolatzeko beharra ikusi dute: “Koordinatu, lanak definitu, eta datu bilketa egingo dugu hurrengo urratsak eman aurretik”. Aldundien legediak, beste udaletxeen ordenantzak eta datuak biltzen hasi dira, informazio horretatik abiatuta lan egiteko.

Hegoalde, Izki, Urki, Galtzareta, Antso Estegiz eta Santi Kurutzeko auzokideen ustetan, “badirudi diputazioak ezarritako neurriek bakarrik balio dutela”. Gainera, “Durangoko eremu ezberdinak neurtzeko irizpideak arbitrarioak izan dira”, salatu dute.

Pasa den asteko ez ohiko bilkuran erabaki zutenez, 180.000 eurotik gorako balio katastrala kalkulatu dieten etxeei “pribilegio-tasa” ezarriko zaie; 2017an 0,5eko indizea edukiko dute, eta 2018an 0,6koa. Beste etxebizitzek 0,2ko indizea izango dute.

Durangoko EH Bilduk asanblada ireki bat egingo du, herritarrekin, balio katastralen igoerei buruzko azalpenak emateko, eta baita haren aplikaziorako Durangon egin den ordenantzari buruzkoak ere. Batzarra eguaztenean izango da, azaroaren 16an, 19:00etan, Pinondon.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!