“Zeelanda Berrian errugbia ulertzeko dugun modua ekartzen dit gogora DRTk”

Joseba Derteano 2017ko urr. 6a, 14:20

Muir Kara (Zeelanda Berria, 1972) pozik dago Durangon, emakumeen Nissan-Gaursa talde nagusia entrenatzen. Ligako lehenengo partiduko porrotak (26-25, Bera Beraren zelaian) ere ez dio bekokia ilundu. Kontrara, oraindino gusturago egoteko arrazoiak eman dizkio.

“Orain aste bi, puntu askogatik galdu genuen lagunarteko bat eta Bera Bera talde indartsuaren kontra azken unera arte izan genituen aukerak. Partidu itzela jokatu zuten”, azaldu du. “Ikasteko gogotsu dagoen taldea da. Hori ez da beti gertatzen”, dio munduko ligarik garrantzitsuenetan jokatu eta entrenatu duen Karak.

Taldearen gaztetasuna da Portugaletetik —han bizi da— Durangora ilusioz etortzeko beste arrazoi bat. “Sekula ez dut hain talde gazterik izan. 17 eta 18 urteko jokalariak ditugu. 20 urtekoak ia beteranoak dira. Niretzat erronka bat da”, adierazi du. Durangon lehengai aproposa aurkitu du bere jakintzaren araberako taldea moldatzeko.

Durango Rugby Taldean errugbia ulertzeko duten moduagaz erabat identifikatuta sentitzen da. Normala, Zeelanda Berrian errugbiak duen estatusa kontuan hartuta. “Han errugbia kirol nagusia da. Jokalariak eta euren familia batzen ditu, aita-amak, aitona-amonak… Eta DRTn errugbia ulertzeko dagoen moduak Zeelanda Berria gogoratzen dit”. Emakumeen taldeagaz eta bere inguruagaz “bide horretan sakontzeko” asmoa du.

Zapatu honetan Euskal Ligari dagokion bigarren jardunaldia jokatuko dute Arripausuetan. Gaztedi taldearen kontra izango da, 15:30ean.

2005-2006 denboraldian DRTko talde nagusian jokatu zuen Karak. Orain, itzuleran, “hazi” egin den kluba aurkitu du. Bambino errugbi eskola jarri du adibidetzat. “Hainbeste ume izatea ikaragarria da klub batentzat, etorkizunera begirako albiste bikaina da”, gehitu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!