Zertaz ari naizen, harrobiaren aldeko apustu sendoaz ari naiz, hau da herriko edo eskualdeko jokalariaz hornitzea klubaren talde guztiak, txikiak zein nagusiak.
Egun, hainbat kluben tentazioa bide lasterrak topatzea izaten da, hau da, kanpoko jendea ekartzea kluba mailaz ahal den arinen igo dadin. Batzuetan helburu bakarra beti irabaztea delako, eta beste batzuetan babesleen presioa handia delako, eta emandako diruaren truke berehalako emaitzak nahi dituztelako.
Ostiralean DRTk egindako aurkezpen ekitaldian, argi eta garbi geratu zen klubak Durangoko eta eskualdeko gazteen aldeko apustua egin duela. Senior mailako gizonezkoen zein andrazkoen taldeetako argazkiak zehatz mehatz aztertuko bagenitu, harriturik geldituko ginateke. Zergatik diot hau? jokalari guztiak Durango edo inguruko herrietakoak direlako, harrobiko taldeetan hasi eta hezi direlako, eta agian garrantzitsuena, epe ertainean klubaren etorkizuna bermatzen dutelako. Mutilen kasuan bataz besteko adina 22 urtekoa dela uste dut, hori “beterano” batzuk duten eskarmentua kontutan izanik, nesken taldean aldiz, bataz bestekoa ez da 18 urtetara heltzen.
Argi dago jokalariek zein entrenatzaileek ez dutela lan erraza izango, gaztetasunak aldeko kontu asko dituen arren, batzuetan, eta batez ere partidu nahasi edo korapilatsuetan esperientzia falta oztopoa bat izan daiteke erabaki zuzena hartzeko orduan, baina denok gazteak izan gara, eta bidea ekinez egiten da, asmatzeko aurretik askotan huts egin behar da.
Aurreko guztia berresteko beste datu bat, beheko mailetan ditugun neska-mutilen kopurua. Errugbi eskolan 100 ume inguru aritzen dira astero 6-14 urte bitarteko mailetan, eta zoragarria izaten da Arripausueta zelaia ostiralero nola dagoen ikustea. Berdin dio sexua, altuera, pisua edo abileziak, denek dute bere tokia, nesken presentzia ere aipatzekoa da, bataz beste %23, eta hor egon daiteke arrakastaren arrazoi nagusiena.
16 eta 18 urte azpiko taldeetan, durangarrek Elorriorekin batera jokatzen dute, eta hor ere jokalari dexente dago, eta garrantzitsuena, astebururo maila emateaz gain, azken urteetan hainbat jokalarik senior taldera jauzia eman dutela.
Esandakoa, poztekoa da katea ez dela eten ikustea, batez ere bizi dugun sasoia ikusita, gora DRT!