Durangok parke bat gehiago edukiko du barikutik aurrera

Markel Onaindia 2017ko urr. 2a, 13:35

Arte eta Historia museoaren atzekaldeko parkea berritu eta zabaldu dute, eta barikuan egingo dute inaugurazio ofiziala, 18:00etan. Benita Uribarrena izena ipiniko diote, Durangotik Frantziara ihes egin behar izan zuen borrokalari antifaxistarena. Bere familiako 14 kide etorriko dira barikuan, eta udalak herritarrei ere bertaratzeko deia egin die. Plaka biren agerpenaz gainera, Idoia Bediaga eta Gehi Zazpi musikarien emanaldiak barnebilduko ditu ekitaldiak. 

Udalak garatutako obrak amaierara heltzen daude. 104.000 euro (BEZ barik) inbertitu dituzte horma gehienak botatzeko, sasitzak garbitzeko, lorategiak atontzeko, bankuak ipintzeko... Horrela, beste parke bat edukiko dute durangarrek, herriaren erdigunean gainera. 

Aitziber Irigoras alkateak eta Pilar Rios zein Mari Jose Balier alkateordeek eman dute notiziaren berri parkean bertan. Hirigintza eta Berdintasun arloen artean lan egin dute proiektuan, eta horregatik, berdintasuna zeharkakotasunez beste arloetan lantzearen adibide dela nabarmendu dute. 

"Txapuzak"
Parke horretan, EH Bilduk auzolanak egin zituen birritan, itxita egon den gunearen egoera salatu egta herrira zabaltzeko asmoz. Irigorasek esan du haiek "txapuzak" izan zirela, eta gobernu taldearen lanari balioa eman dio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!